Harrera ordutegia zabalagoa izango da eta gimnasioan tresna berriak jarriko ditu Udalak. “Aurrerantzean kiroldegiak izango duen kudeaketa ereduak herritarroi onurak besterik ez dizkigu ekarriko”, adierazi du Iban Arrunategi kirol zinegotziak. Irailetik aurrera, kiroldegiaren kudeaketa udalaren esku egongo da, eta udal ordezkariek baieztatu dutenez, “
hobekuntza nabarmenak” egongo dira.

Harrera ordutegia hobetu egin dute. “Orain arte ezagututako astegunetako ordutegia mantentzeaz gain, asteburutan ere zabaldu egingo dugu”. Zehazki, zapatu arratsaldetan eta domeka goizetan erabili ahal izango da udal instalazioa. Horretaz gain,
gimnasioan ere onurak nabarituko dituzte erabiltzaileek. “Material berria topatuko dute, spinningeko bizikletak, koltxoneta berriak, besteak beste”, aitatu dute.
Zuzendutako aktibitateei dagokionez, orain arteko aktibitate berdinak egiteko aukera egongo da. “Less Mills programa mantenduko dugu: spinning, body combat, body jam, body step eta body balance egongo dira aukeran”. Horrez gain, kiroldegiak orain arte eskainitako beste zerbitzu batzuk ere bere horretan jarraituko dute; besteak beste, entrenatzailea pertsonala, yoga, GPK gazteentzako aktibitateak eta dietetika zerbitzua. “Zuzendutako aktibitateetan izena emateko epea irailaren 10a izango da, eta lehen saioak irailaren 16an izatea da gure asmoa”.
Udalak
bazkideei informazio orokorra etxera helarazi die; bazkide ez diren herritarrek udaletxeko webean daukate eskura informazioa.