Zinea eta karikaturak dakartza asteon Markina-Xemeingo Uhagonek
Izan ere, barikuko filma Fermin Muguruzak zuzendutakoa da. «Filmazpit banatzaileak jatorrizko bertsioan eskaintzen ditu filmak, euskarazko azpitituluekin. Eta film onak daude, tartean Muguruzarena», azaldu dute Uhagoneko arduradunek. Funtsean, Afrika iparrraldean zehar egindako bidaia musikal bat da Muguruzak erakusten duena. Oum abeslari marokoarrak lagunduta, Marokoko soinuak eta paisaiak erakusten ditu lanak. Besteak beste, Muguruzak Marokon zehar bildutako elkarrizketak eta emanaldiak jasotzen ditu Next Music Station filmak. «Lana polita da eta ikustea merezi du», gaineratu dute Uhagonekoek. Karikaturak, bost minututan Behin barikua pasatuta, zapatuan bestelako hitzordua jarri du Uhagonek. Izan ere, Alex Herranz Rufo karikatura egileak bost minututan karikaturak egingo ditu. «18:00etatik 21:00etara egongo da Herranz Uhagonen. Tarte horretan, nahi duten guztiei bost minututan karikaturak egingo dizkie Herranzek».
Ekintza originala bezain ikusgarria dela aurreratu dute Uhagonekoek. «Bestelako eskaintza da». Ekimena doakoa izango da eta ondorioz, herritarrek euren karikaturak doan jasotzeko aukera edukiko dute.
Behin ekintza egin eta gero, irailaren 22ra arte, Herranzek bere karikaturen erakusketa ikusgai edukiko du kulturgunean. «Karikaturak pertsonaia ezagunenak dira. Hau da, telebistako aurkezle edota bestelako famatuenak».
Beraz, ekintza bera ikusgarria izateaz gain, erakusketa ere bitxia izango dela aurreikusten da.
Horrekin guztiarekin, Uhagonek beste behin ere eskaintza zabalagaz hasi du iraila.