Irribarrez eta pozik agertu dira Corrumbao taldeko kideak hitzordura. Euren lagun ondarrutarra aldamenean dutela, taldearen izaera azaltzeko prestutasuna erakutsi dute.
Ecuadorretik zuzenean Euskal Herrira ailegatu ostean, ozeanoaz bestaldeko erritmoak berton aireratzeko irrikaz daude. Bada, gaur eta bihar, Lekeition (22:00etan, txosnetan) eta Ondarroan (20:00etan, Musika plazan) egongo dira, hurrenez hurren.
Euren burua aurkezteko hitzordua Ondarroako Alamedan jarri dute, eta hitzartutako orduan, puntu-puntuan, hantxe agertu dira taldeko bost kideak: Daniela Peña (zeharkako flauta, perkusioa eta koruak), Carla Jimenez (ahotsa eta perkusioa), Nataly Carpentier (ahotsa eta saxofoia), Francisco Maldonado (perkusioa, koruak eta klarinetea) eta Hernan Herrera (perkusioa, koruak eta bigarren ahotsa).
Musika maite duten lagun talde bat direla diote. «Musika afro tradizionala maite dugu. Currumbao erritmoen interpretaziotik sortu den taldea da».
Eta horrela da. Izan ere, estilo bakarra landu ordez, denetariko erritmoak lantzen eta uztartzen ditu taldeak. «Entzuleak musika sentitzea nahi dugu. Lurragaz kontaktuan egonda, publikoak aske dantza egitea nahi dugu».
Erritmoak, denaren gainetik, guztiz dantzagarriak direla argi diote. «Dantza egiteko musika da eskaintzen duguna». Erritmoak tradizionalak badira ere, hitzak eurenak dira. «Letrak guk geuk egindakoak dira. Koruek gidatzen dute abestia».
Dantzarako gonbitea
Dantzatzeko abestiak badira ere, entzutekoak ere badira. «Baina dantza egitea ezinbestekoa da. Izan ere, tanbor hotsek hori adierazten dute, lurragaz daukagun lotura, alegia».
Horrela ba, ikuslegoa aske geratu behar dela diote kideek. «Guk nahi duguna hori da. Ikuslegoak tanbor hotsa sentitzea eta askatasun osoz dantza egitea. Ez dago dantzatzeko modurik, askatasunez dantza egitea da oinarrizkoena».
Ikuslegoak nola erantzungo duen jakin ez badakite ere, beldur barik gerturatu eta dantzatzeko gonbitea luzatu nahi izan diote herritarrei. «Datozela emanaldia ikustera, eta gozatu dezatela. Guk musika afro amerikarraren lagin bat eskainiko dugu eta ezagutzea merezi du. Askorentzat erritmo barriak izango dira eta bestelako kultura eredu barriei zabaltzeko aukera bat izango da».
Oro har, Euskal Herrian estreinako daudela gaineratu dute. «Gustura sentitzen gara. Lurralde polita da eta».
Aurrera begira ere, barriro ere Euskal Herrira gustura etorriko liratekela gaineratu dute. «Gurekin harremanetan jartzeko nahikoa da gure Facebook-eko orrialdera idaztea eta eskaerak egitea edo kontsulta egitea».
Elkarrizketa esker oneko berbekin amaitu nahi izan zuten taldeko kideek. «Eskerrak eman nahi dizkiegu Ondarroako Udalari, Lekittoko Txosna Batzordeari eta Naroa Argoitiari, gu hemen egotea posible egin dutelako».