Azaro Fundazioak proiektuen lehiaketa jarri du abian
Lehiaketak Lea-Artibaiko enpresen lehiakortasuna hobetzea du helburu. Horrela ba, Azarok enpresek martxan jarri dituzten ekintzak saritu eta sustatu nahi ditu. Lanak aurkezteko azken eguna irailaren 15a da.
Bada, Azaro Fundazioaren esanetan, «lehiaketak Lea-Artibaiko lehiakortasunean eragitea du helburu». Egitasmoan enpresa txiki eta ertainek parte har dezakete. Hori bai, aurkezten dituzten proiektuek 2012ko bigarren seihilekoan edota 2013an landutakoak izan beharko dutela aurreratu dute.
Irizpideak eta sariak
Sarituko dituzten eremuak ondokoak dira: berrikuntza produktuan, berrikuntza prozesuan, berrikuntza merkatuan, berrikuntza antolamenduan eta lehiakortasun hobekuntza.
Proiektuak saritzerakoan, epaimahaiak ondoko puntuak edukiko ditu kontuan: lanpostuak mantendu edo berriak sortzeko aukera, enpresari ekarriko dizkion onurak, proiektuaren definizio garapen maila eta osasun alorragaz zerikusia edukitzea.
«Parte hartzaileei azterketa bat egingo diete, erakundeek ematen dituzten diru laguntzetara aurkezteko aukera duten zehazteko, eta irabazleak 3.000 euroko saria eskuratuko du», adierazi dute Azaroko ordezkariek.