Musica en el aire (Ttartalo argitaletxea)
eleberria aurkeztu zuen atzo
Karmele Jaiok. Gazteiztarra izatez,
ama Lekeitiokoa du Jaiok. Bere lanetatik, gaztelerara itzulpena eginda kaleratzen duen hirugarrena da orain dakarrena, eta emaitzarekin pozik dela azaldu du idazleak.
Musika airean liburuaren itzulpena ala berridazketa da Musica en el aire?
Bai, berridatzi egin dudala esan daiteke. Izan ere, testua beste momentu batean hartu dut, eta idazterako orduan zenbait gauza aldatu egin ditut. Esate baterako, euskarazko nobelan istorioa lehen pertsonan kontua dago, protagonistaren bakarrizketa bat zen. Musica en el aire liburuan, aldiz, hori berori bigarren pertsonan kontatu dut. Horrez gain, kapituluen ordena ere aldatu dut gaztelerazko bertsioan.
Istorioaren muina, hala ere, ez da aldatu, ezta?
Hori da. Istorioa bera berdin-berdina da, baina beste momentu batetik hasita. Azken finean, gaztelerazkoa eta euskarazkoa obra berdina dira.
Zein da kontakizunaren muina? Zer da irakurleari transmititu nahi diozuna?
Idazten hasi nintzenean, nire lehen asmoa bakardadeaz hitzegitea zen. Hau da, pertsona bat bakarrik dagoenean bere barnean sortzen den edo berak bakarrik entzuten duen barne musika hori kontatu nahi nuen. Horretarako, adineko emakume bat aukeratu nuen: bere bizitzan egin beharreko guztia egina duela pentsatzen duen adineko emakume bat. Eta bere etxean kokatzen dut emakume hori. Dena den, sendatu barik duen zauri bat du protagonistak, galdutako adiskidetasuna. Beraz, bakardadearekin hasi baina azkenean adiskidetasunaz hitz egiten du liburuak. Zehatz esanda, txikitako edo haurtzaroko adiskidetasun garden hori helduak garenean mantentzea ea posible den.
Eta bien arteko lotura nola egiten duzu?
Iraganari buruz hausnarketa egiten, zein garrantzitsua den iragana gaur egun. Izan ere, presente dago, eta gaaur egun egiten dugun guztia iraganean gertatu zaigunagatik baldintzatuta dago.
Nola sortu zitzaizun bakardadeari buruz hitz egiteko gogoa?
Ba ez dakit. Normalean gaiak etorri egiten zaizkit. Normalean irudiren bat etortzen zait gogora, gauza konkretu bat. Eta liburu honekin, hain zuzen, adineko andre baten irudia ikusi nuen, bere etxean, butakan eserita, leihotik begira eta bakarrik. Zeragtik? Ez dakit, baina hortik tiraka etortzen dira gero gaiak. Hala, idatzi ondoren ohartzen naiz nire buruan dauden gaiak zeintzuk diren. Idazten hasten naiz eta gero ateratzen zait istorioa, gero gorpuzten dut nobela.
Gaztelerara itzulpena egiten duzun hirugarren liburua da hau, ezta?
Bai, hala da. Lehenengo Amaren eskuak liburuaren itzulpena egin nuen, eta Las manos de mi madre kaleratu nuen. Gero Heridas cronicas atera nuen. Azken horretaan bi ipuin liburutik aukeratutako ipuin batzuren itzulpena egin nuen.
Merkatuan beharrizanik al dago liburuak gazteleraz ere ateratzeko?
Ez, beharrizanik ez da. Nire kasuan ez da beharrizana izan. Izan ere, nire lanak hobeto saltzen dira euskaraz gazteleraz baino; nire irakurleak euskaldunak dira. Baina beste edozein hizkuntzara itzulpena egitea legez ikusten dut. Dena den, nire lehen hizkuntza euskara da.