Lekeitioko Udalak 6.826.986,00 euroko aurrekontua onartu du 2013 urterako. Iaztik,
%17,73ko beherakada eduki dute aurrekontuek, baina udalak, oinarrizko zerbitzuetan murrizketarik ez egitea lortu du.
Dena dela, 2011n baino milioi bat euro gehiago eduki zituen udalak 2012an. Beraz, beherakada nabarmena den arren, iaz leheneko datua ere kontutan hartzekoa da.
Gasturik handiena pertsonal gastuetara bideratuko du udalak, 2.467.005 euro; baita ondasun arrunt eta zerbitzuetara ere, 1.822.333 euro.
Diru sarrerei dagokienez, transferentzia arrutetatik eta zuzeneko zergetatik lortzen du udalak gehien.
Udalak herritarrentzako
zerbitzurik ez murriztea jarri zuen euren erronkatzat aurrekontuak diseinatzerakoan. Baita, sail desberdinetako oinarrizko eskaintza mantentzea ere. «Zerbitzuak optimizatu dira, gastu txikiagoekin, eskaintza eta etekin hobea lortzen saiatuz», esan dute.
Besteik, ahal izan den neurrian hainbat egitasmo parte hartze bidezko saioetatik ateratako ondorioen arabera diseinatu dituztela azaldu dute.
Inbertsioetarako aukerak erabat murriztu direnez, egingo diren berrikuntzetako asko auzolanean egin beharko direla esan du udalak. «Dirurik ezean, herritarren borondatea baitaukagu Lekeition», esan dute udaletik.
Auzolanaren bidez egingo den proiektuetako bat Abaroa parkearen birgaitzea da. «Laster parke berria edukiko dugu, horrelako egitasmo batek eskatuko lukeena baino askoz ere kostu txikiagoan», diote. «Dena, herritarren lanari esker», gaineratu dute.
Orokorrean garai txarretan gaudela nabarmendu nahi izan du udalak.
Diru kopuruak nabarmen behera egiteaz gain, udalak «lotuta» daudela nabarmendu dute: «
Udala oso kontrolatuta dago gainetik dituen erakundeen begiradapean, eta baldintza ugari betearazten dizkigute», diote. «Eta udalak berak duen maniobra gaitasuna oso-oso mugatuta dago», gaineratu dute. «Mantenimendu hutsera heltzea ere erronka bihurtzen da garaiotan, eta zerbitzuak ez murriztea soilik, helburu handia da».
Oposiziotik
kritikak jaso ditu Lekeitioko Udalak aurrekontuak «berandu» onartzeagatik. Horren aurrean, udalaren helburua aurrekontu murriztuetatik ahalik eta probetxu handiena ateratzea zela erantzun zuten.