
Iratxe Ibarra markina-xemeindarra
Irailaren 29an abiatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013, Amasa-Villabonan, eta abenduaren 15ean amaituko da, Barakaldoko BECen jokatuko den finalarekin. Azken edizioan legez, aurtengoak ere hamalau saio edukiko ditu. Lea-Artibaiko parte hartzaile bakarra Iratxe Ibarra izango da.
Markinarra seigarren kanporaketan ariko da bertsotan,
Oionen, urriaren 26an, eta Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Maddi Sarasua, Manex Agirre eta Miren Amuriza izango ditu aurrez aurre.
Hiru sailkapen fasetan banatuko da txapelketa: kanporaketak, finalaurrekoak eta finala.
Kanporaketetan 36 bertsolari izango dira lehian, guztiak herrialdeko txapelketetan sailkatuak. Sei bertsolariz osatutako sei talde egingo dira, eta saio bakarrera lehiatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; eta puntu gehien batzen dituzten hamabiekin osatuko da finalaurrekoetan arituko den taldea.
Finalaurrekoetan 24 bertsolari lehiatuko dira: 2009ko sei finalista eta kanporaketako saioetatik sailkatu diren 18 bertsolariak. Bi itzuli izango ditu finalaurreko faseak: lau saio izango dira lehenengoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, baina lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian ez dute kantatuko.
Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da bigarren itzulira; puntu gehien batzen dituzten beste hamalau bertsolarirekin osatuko da finalaurrekoen bigarren itzulira pasatzen den taldea. Taldeak aldatu egingo dira lehen itzulitik bigarrenera.
Bigarren kanporaketa, Markina-Xemeinen
Final nagusian, azkenik,
zortzi bertsolari lehiatuko dira: 2009ko txapelduna eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatu diren zazpiak. Hiru saiotan banatuko da ekitaldia: goizean zortzi bertsolariak jardungo dira, eta zortzi bertsolariekin emango zaio hasiera arratsaldeko jardunari ere. Azkenean, puntu gehien batu dituzten bi bertsolarien arteko lehia egingo da: buruz burukoa. Egun osoko jardunean puntu gehien dituen bertsolaria izango da txapeldun.
Saioetako bat Markina-Xemeinen jokatuko da. Hain zuzen, bigarren kanporaketa hartuko du Uni pilotalekuak urriaren 5ean, 17:30etik aurrera. Agin Laburu, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Onintza Enbeita eta Jone Uria ariko dira bertsotan saio horretan.
Kanporaketa hori bakarrik ez,
BEEEE… Egunaren hirugarren edizioa ere urriaren 5ean ospatuko dute, Markina-Xemeinen bertan. Euskal Herriko Bertso Eskolen Topaketa horretarako egitarau berezia prestatu du Markina-Xemeingo bertso eskolak.
Egitaraua:
- 13.30ean, bertso eskolak batu, Uhagonen.
- Bazkaria, Akerbetz gaztetxean. Mungiako bertso eskolaren emanaldia.
- Poteoa Andrabanda Feministak eta herriko bertso eskolak girotuta, herrian zehar.
- 17,30ean Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioa udal pilotalekuan. Agin Laburu, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Jone Uria eta Onintza Enbeitak hartuko dute parte.
- Gauean, Akertbeltz gaztetxean, Bi Bala (Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxagaren emanaldia) eta Fan & Go erromeria taldea.
Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013, saioz saio
- Irailaren 29an, Amasa-Villabonan. Lehenengo kanporaketa. Bertsolariak: Alaia Martin, Fredi Paia, Iker Zubeldia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Odei Barroso. 17:30ean, Behar-zana pilotalekuan.
- Urriaren 5ean, Markina-Xemeinen. Bigarren kanporaketa. Bertsolariak: Agin Laburu, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Jone Uria eta Onintza Enbeita. 17:30ean, Uni frontoian.
- Urriaren 12an, Hendaian. Hirugarren kanporaketa. Bertsolariak: Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Soto.
- Urriaren 13an, Altsasun. Laugarren kanporaketa. Bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Erika Lagoma, Jexux Mari Irazu, Oihane Perea, Unai Agirre eta Xabier Silveira. 17:30ean.
- Urriaren 19an, Legazpin. Bosgarren kanporaketa. Bertsolariak: Ainhoa Agirreazaldegi, Beñat Lizaso, Igor Elortza, Iñigo Mantzizidor, Jokin Uranga eta Oihana Bartra. 17:30ean, Urbeltz pilotalekuan.
- Urriaren 26an, Oionen. Seigarren kanporaketa. Bertsolariak: Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Maddi Sarasua, Manex Agirre eta Miren Amuriza. 17:30ean, Arroyo I pilotalekuan.
- Azaroaren 9an, Gernika-Lumon. Lehenengo finalaurrekoa. Bertsolariak: Amets Arzallus eta sailkatzen diren gainontzekoak. 17:30ean, Jai Alai pilotalekuan.
- Azaroaren 16an, Tolosan. Bigarren finalaurrekoa. Bertsolariak: Unai Iturriaga eta sailkatzen diren gainontzekoak. 17:30ean, Usabal kiroldegian.
- Azaroaren 16an, Oiartzunen. Hirugarren finalaurrekoa. Bertsolariak: Aitor Sarriegi, Jon Maia eta sailkatzen diren gainontzekoak. 17:30ean, Elorsoro kiroldegian.
- Azaroaren 17an, Murgian. Laugarren finalaurrekoa. Bertsolariak: Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta sailkatzen diren gainontzekoak. 17:30ean, Palatu kiroldegian.
- Azaroaren 23an, Elizondon. Bosgarren finalaurrekoa (bigarren itzuliko lehenengoa). 17:30ean, Baztan pilotalekuan.
- Azaroaren 24an, Donostian. Seigarren finalaurrekoa (bigarren itzuliko bigarrena). 17:30ean, Atano III pilotalekuan.
- Azaroaren 30ean, Maule-Lextarren. Zazpigarren finalaurrekoa (bigarren itzuliko hirugarrena). 17:30ean, Ororena pilotalekuan.
- Abenduaren 15ean, Barakaldon. Finala. Bertsolariak: Maialen Lujanbio eta txartela lortzen duten gainontzekoak. 11:00etan, BEC erakustazokan.