Takussan jaia zapatuan egin zuen Asema elkarteak, Markina-Xemeinen. Elkarteko ordezkari
Souleymane Sarrek jaialdia «primeran» atera zela esan du. «Arazo batzuk tarteko, giro paregabean egin genuen jaia eta dena ondo joan zen.
Helburuak bete ditugu», gaineratu du. Behin aurtengo jaialdia egin eta gero, taldea datorren urtera begira jarri dela aurreratu dute.
Arazo batzuk eduki bazituzten ere, jaiak aurrera jarraitu zuela esan du Sarrek. «Senegaletik etorri behar zen lagun bat, jaialdian parte hartzera, baina bisa ez zuen lortu eta ezin izan zen heldu. Arazo horiek kenduta, jaialdia primerakoa izan zen».
Osasunari buruzko hitzaldia ere oso ondo egon zela esan du. «Senegaldarrok arazo asko edukitzen ditugu Osakidetzako osasun txartela lortzeko eta arazo horien berri eman genuen hitzaldian. Entzuteaz gain, Eusko Jaurlaritzari ere gure kexak helarazi ahal izan genizkion, ordezkari baten bidez. Beraz, pozik gaude hitzaldia egin izanagaz ere».
Herritarren erantzuna
Orokorrean,
jaialdiak herrian edukitako oihartzunagaz pozik daudela diote. «Herritar batzuk ondo erantzuten dute, baina oraindik herritar gehiagok parte hartzea gustatuko litzaiguke», gaineratu du. Izan ere,
jaialdia herri osoarentzat egiten dutela dio. «Guk, senegaldarrok, antolatzen dugu, baina herritarrei begira. Edonork parte hartu dezake, eta hori da nahi duguna, herritarrek guztiek parte hartzea, alegia». Bada, hurrengo urterako, herritarrei jaian murgiltzeko deia egiten die elkarteak. «Jaialdiagaz kulturartekotasuna bultzatu nahi dugu, eta horregatik da garrantzitsua denok parte hartzea».
Datorren urtera begira
Dena dela, udal ordezkariek erakutsitako jarrera txalogarria dela esan du Sarrek. «Alkatea gugaz egon zen luzaroan, baita hitzaldian ere. Eta asko eskertzen diogu jarrera hori erakutsi izana».
Urtetik urtera gero eta indar gehiago hartzen hari den jaialdia dela gaineratu du Asema elkarteko kideak. «Beraz, datorren urtean ere egingo dugu».