
Hurrengo lau urteetan zuzendaritza barria izango du Markina-Xemeingo Artibai Futbol Taldeak; hala azaldu zuten 11 pertsonez osatutako taldea aurkeztean. Gainontzekoekin batera, hain zuzen, Jose Ansola izango da zuzendaritza taldean, presidente kargua hartuta.
«Giro onean futbolagaz gozatzea» da talde barri horren helburua, eta, horretarako, zuzendaritza barria prest da «seriotasunez lan egiteko». Kirol helburuak, bestalde, talde bakoitzak finkatuko dituela azaldu dute. 11 pertsona horietatik, gainera, bi baino ez dira izan aldez aurretik zuzendaritza taldean; hori dela eta, «gogotsu eta itxaropentsu» dira guztiak. Hain justu, seme-alabak Artibai Futbol Taldean dituzten gurasoak dira zuzendaritza barriko kideak.
110 bat jokalari
Zuzendaritza talde barria aurkezteagaz batera, 2013/2014 denboraldian Artibain ariko diren jokalarien berri ere eman dute. Hain zuzen, 110 bat lagunek parte hartuko dute bost taldetan banatuta: nagusien mailan, 25; gazteetan, Lurraldeko Lehen Mailan 17 eta Lurraldeko Bigarren Mailan 24; umeetan, A Ligan 18 eta B Ligan 25.
Halaber, jokalari horiek entrenatzaile berriekin ekingo diote aurtengo denboraldiari.