
Joxemari Urteaga
Arrate Egañaren eta Julen Gabiriaren testigua hartuta, Ondarroako irakurzale taldearen koordinatzailea da Joxemari Urteaga (Lazkao, 1961) irakasle eta idazlea. Joan den apirilean hartu zuen ardura, ezustean hartu ere.
Irakurzale taldea gidatzeak lan handia eskatuko du, ala?
Hasteko, ni taldekide bat gehiago naiz. Hala izan nintzen aurretik, eta hala naiz orain. Baina karguak beste ardura batzuk eskatzen ditu. Ez da gauza bera solasaldira joatea edo bideratu beharra izatea. Bideratzeko gauzak ondo lotuta eduki behar dira, ez gehiegi. Paperezko dokumentazioa eta audioak ere eroaten ditut, ahal bada idazleek liburuei buruz nonbait esan dutenaren grabazioak. Beti ezin da idazlea ekarri, baina bere ahotsa egon dadin ahalegintzen naiz.
Ordu asko pasatuko dituzu prestaketan.
Lan handia eskatzen du, ordu asko, baina merezi du. Hasieran, beharbada, gehiegi prestatzen nituen saioak. Ardura hartzen duzunean, ondo bete nahi duzu. Gero, eroandako guztia ez duzu erabiltzen. Lagun talde bat gara, eta lagun taldea era batera zuzentzen duzu, baina beste adar bat sortzen bada, hortik jarraitzen du. Finean, ondo pasatzea da kontua, literaturaz berba egitea.
Zuk zeuk aukeratzen dituzu hilez hile aztertuko diren liburuak?
Hasierako saioetarako neuk aukeratu nituen, irizpide batzuekin: bi liburu emakumeenak izatea nahi nuen eta bat gizonezko batena; bi euskaraz idatzitakoak, eta bat itzulpena. Lehen intimitatea landu genuen Gabiriagaz; Harkaitz Canok itzulitakoa da, eta ez du ematen itzulpena. Bigarren aldi horretarako neuk aukeratu dut liburu bat,
Mussche, eta taldekideei eskatu nien bigarren bat aukeratzeko. Patxi Zubizarretaren
Hiru gutun Iruñetik aukeratu dute. Biak dira gerraren inguruan oinarritutakoak, eta biek lantzen dituzte gerraz gaindiko sentimendu positiboak. Urte berrirako beste batzuk aukeratuko ditugu.
Mussche urriaren 26an landuko duzue. Kirmen Uribe solasaldian egotekoa da, ezta?
Bai. Bertatik bertara etorriko zaigu, autoa hartu beharrik barik. Luxu bat da idazleagaz bere liburuari buruz hitz egitea. Aberastu egiten du irakurketa; zenbait pasarte hobeto ulertzen laguntzen du. Oso gaitza da hori beste toki askotan, baina herri txikia izanda, eta idazleen hurbiltasuna edukita, arrunta-eta guzti egiten zaigu. Baina konturatu behar dugu zein luxu daukagun.
Mussche zer iruditu zaizu?
Gustura irakurri nuen. Aurrekoa baino istorio «linealagoa» da, tradizionalagoa. Oso erraz irakurtzen da. Sentimenduak asko azaleratzen ditu.
Taldean parte hartzeko baldintza bakarra liburua irakurtzea da, ezta?
Euskaraz irakurtzeko gogoa daukaten herritarrek osatzen dute irakurzale taldea. Bi asmo nagusi ditugu. Batetik, euskaraz irakurri nahi dugunon arteko lotura sortu eta elkarren lagungarri izatea. Bada euskaraz irakurtzen ausartzen ez denik, ohitura faltagatik, eta guk animatu egiten ditugu. Proposatzen ditugun liburuak irakurterrezak dira. Beste asmoa hilabetean behin elkartu eta lagun giroan literaturaz goxo-goxo hitz egitea da. Liburuari buruz zer esan handirik ez duela uste duen jendea ere badago. Gure artean, baina, ez dago hitz egiteko obligaziorik, entzunez ere goza daiteke. Irakurritako liburuari ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatzen gara denon artean.
Idazleak, orokorrean, hurrekoak dira?
Bai. Harkaitz Cano etorri zen
Twist-ekin. Oso gertukoa da Harkaitz. Miren Agur Meabe ere etorri zen,
Kristalezko begi bat liburuagaz; koadrilan egotea modukoa izan zen. Miren Agurrekin hitzordua ipini genuenean, oraindik ez genekien bere liburuak zer nolako arrakasta izango zuen. Gozamen bat da beragaz berba egitea. Kirmenegaz ere horrela egongo gara. Izan ere, diborik ez dago euskal literaturan. Idazleak dira, euren burua jantzitako jendea da.