Karmelo Jaio: "Kargua uzteak ez du esan nahi udala utziko dudanik"
Dimisioa ematea erabaki duzu. Zergatik momentu honetan? Sarri askotan, horrelako erabaki bat hartzean, ez da egoten motibo bakar bat, erabakia hartzera eroaten zaituzten faktore batzuk baizik. Nire kasuan, ez dira nobedade Aralarrekoekin eduki izan ditudan desadostasunak, azken kongresuetatik honakoak. Horien ondorioz, apur bat deseroso sentitu izan naiz. Hala ere, alderdian jarraitu dut, eta bere politika defendatu izan dut. Arrazoi horrez gain, alderdi barruko beste batzuei protagonismoa emateko momentu egokia dela begitandu zait, daukaten kapazitatea kaleratu egin behar delako. Batez ere faktore bi horiengatik hartu dut erabakia: batetik, politikoki desadostasunak nituelako; eta, bestetik, kargua beste batek hartzeko momentua delako. Aitor Odiagak ordezkatuko zaitu. Bai, zerrendan bigarren joan zen. Udal mailako arazoekin esperientzia daukan pertsona da, urte bi eta erdi egon delako batzorde zabaletan beharrean. Herriko problematika ezagutzen du, eta borondate guztia dauka herriaren alde lanean jarraitzeko. Politikan beharrean segituko duzu? Kargua uzteak ez du esan nahi udala utziko dudanik. Azken batean, nire konpromisoa ez da bakarrik alderdiagaz eduki dudana, herriagaz daukadana ere bada. Herriagaz lau urterako konpromisoa hartu nuen, eta mantendu egingo dut falta den urte eta erdian. Udaleko batzorde zabaletan beharra egiten jarraituko dut; batez ere, Ingurumen Batzordean. Atzera eginda. Noiz sartu zinen udalean? Zein alderdigaz? ETA VI.ean hasi nintzen militatzen. Eztabaiden ostean, banatu egin ziren V.a eta VI.a, eta prozesu horretan harrapatu ninduen ni. ETA VI.a armak laga eta bake bidetik joateko estrategia bat zen. Hori gero fusionatu egin zen Liga Komunista Iraultzaileagaz (LKI). Urteetan egon nintzen LKI barruan, 12 bat urte, eta bere izenean sartu nintzen udalean, 27 urte nituela. Gero elkarlanerako prozesu bat egon zen Herri Batasunagaz (HB), eta LKI eta HB batuta aurkeztu ginen. Ostean Euskal Herritarrok-en be egon nintzen, eta, azkenik, Aralarren. Aurreko agintaldiko lau urteak eta oraingo beste biak egin ditut Aralarren; guztira, sei urte. Orokorrean, zelan ikusten duzu gaur egungo egoera? Gaur egun denok egiten dugu berba krisiari buruz, baina inork ez du berba egiten krisiaren jatorriaz: hemen krisian dagoena sistema bat da. Sistema ekonomiko hau boterean daudenentzako baino ez da. Elkartasunezko eta konpetentzia bako lankidetzara joan beharrean, nahi duten bakarra boterean mantentzea da, batzuk aberasten eta beste batzuk pobretzen jarraituz. Amerikanizazio baterantz goaz: pribatizazioa da nagusi, baita zerbitzu publikoena ere. Hau noiz amaituko da? Inork ez daki, baina luzaroan gelditzeko etorri da krisia. Eduki ditugun hobekuntza asko borrokaren bidez lortu genituen, eta orain desagertzen ari dira. Atzerantz goaz, eta berriro ere aurrera egiteko, hurrengo belaunaldia borrokatu beharko da. Borrokatu barik, protesta barik, ez da ezer lortuko. Eta egoera politikoa? Politikoki, ardatz nagusia Euskal Herriko prozesu askatzailean dago; bideak topatu beharko dira. Argi dago beste batzuek lortu dutela, eta eurekin hartu-eman estuak eduki behar ditugula; eurengandik ikasiz eta denen batasuna lortuz. Azken batean, gure autodeterminazio eskubidea lortzea eskubide demokratiko nagusi bat lortzea izango litzateke. Problema garrantzitsuak ditugu, Euskal Herriko presoena, adibidez. Nire ustez, bide okerretik dabiltza. Uste dut gaur egun dagoen estrategiari buelta eman behar zaiola; eta, horrela, preso asko gaur egunean kalean egongo liratekeela. Arazo politiko garrantzitsuak ditugu konpontzeko. Eta gauden tuneleko irtenbidea topatzea ez da erraza, ez da batere erraza. Batasuna aipatu duzu. Gaur egun Aralar alderdiak EH Bildu barruan egiten du beharra. Zer iritzi duzu? Koalizioari buruz daukadan iritzitik datoz kongresuagaz eduki nituen desadostasunak. Helburu batzuen bila elkarregaz joan behar dugunik ez dut zalantzan jartzen, eta, gainera, etorkizunean ezkerreko alderdiak guztiz bateratu beharko ginatekeela uste dut. Baina duela bi urte prozesu hori lar bizkortu zela deritzot, eta, ondorioz, gure autonomia guztia galdu genuela: kritikatzeko autonomia, estrategia politiko autonomo bat edukitzekoa… Eta orain, koalizioan, Aralar eta beste alderdi batzuk Sorturen ardatz eta estrategiaren barruan ikusten ditut; azken batean, bera da ardatz nagusia. Eta uste dut horretan gure kapazitate kritikoa galdu dugula. Aurreko udal hauteskundeetan guk gure funtzio politikoa geneukan, eta uste dut hori galdu egin dugula. Ematen du kritikatzeko beldur garela. Eta txarto sentitu ez eragiteagatik, Sorturen erabaki politikoekin jokatzen ari gara: berak markatzen du zein den estrategia. Nire ustez, problematika konkretuengatik elkartu beharko gineteke, baina paraleloan gure dinamika mantenduta; bakoitzak bere ikuspuntu eta jokaeretatik aportatu, eta komeni den bakoitzean elkartu. Uste dut horrela gehiago ematen diogula herriari eta aurrerakuntza bizkorragoa izango litzatekeela. Aralar alderdiaren zatiketa zelan bizi izan zenuen? Niretzako penagarria izan zen. Lehen esan dudan moduan, bizkorregi hartu genuen erabaki hori. Bizkortasun horrek krisi nagusi bat ekarri zion Aralarri. Krisi horretan unerik txarrena gure talde parlamentarioaren kanporatzea izan zen. Aintzane [Ezenarro] bezalako pertsona bat horrela botatzea niretzako oso gogorra izan zen. Bake prozesu honetan asko aportatu du, eta balore politiko garrantzitsua da; ez bakarrik alderdiarentzako, baita Euskal Herriarentzako ere. Ezin daiteke horrelako pertsona bat bat-batean jokoz kanpo gelditzerik onartu. Eta gaur egun, gainera, sekula baino argiago ikusten dut eurek zeukatela arrazoia, arrazoi politikoa. Bakegintza eta elkarbizitzarako ponentzia horretan, Aralar presionatuta sentitu zela uste dut, eta derrigortasun horrek talde hori baztertzera bultzatu zuen. Baina, nire ustez, arrazoi politikoa eurek zeukaten, eta okerra izan zen hartutako erabakia. Herrira etorrita, udalean zaudenetik zein izan da tokiko erakundearen lorpenik handiena? Onena egungo momentu hau dela uste dut. Askatasun aldetik, sekula ez naiz horren libre sentitu, eta uste dut zabaltasun hori denentzako dagoela. Adibidez, lehengo agintaldietan, udalak hartutako erabakien berri sarri egunkariaren bidez edukitzen nuen, eta ni neu udalean egonda, hein batean umiliatuta sentitzen nintzen. Baina sistema presidentzialista batetik, alkatea nagusi izatetik, sistema demokratikora pasatu gara. Batzordeak zabaldu dira, nahi duenari parte hartzeko aukera emanez. Batzarrak egiten dira auzoz auzo, problematikak planteatzen dira, azaldu, soluzioak denen artean bilatu… Herritarrek ez dute sekula eduki udala zer den ikusteko eta udala egiten ari dena zer den jakiteko aukera hoberik. Are gehiago, ingurumena, adibidez, inoiz ez da aintzat hartu Markina-Xemeinen. Orain, aldiz, batzorde bat sortu da; baina, gainera, aurrekontu bat emanaz hartu da kontuan. Zelan ez, kultura ere gai garrantzitsua da. Kultura pertsonen garapenerako baliagarria da, eta, beraz, hortik ezin da inoiz murriztu. Bestalde, beste lorpen batzuk be egon dira, baina garrantzitsuna udalaren sistema aldaketa izan dela uste dut, hau da, presidentzialista izatetik demokratikora igarotzea.
