Lekeitioko Eusko Alkartasunak kritika egin dio Eusko Alderdi Jeltzaleari Batzokian agertu ziren pintadak «ez kentzeko» eskatu zuelako.
EAk dioenez, pintadak egin eta egun gutxira udaleko lan-taldeak ezabatzeko agindua jaso zuen Hirigintza Zinegotzi eta Alkateordearen aldetik. Udaleko lan-taldea pindatak ezabatzeko agindua betez kentzera zihoala, Batzokiko kideek ez ezabatzeko eskatu zietela esan du EAk. «Euren aseguruak kargu hartuko zuela eta perituek aztertu behar zutela esan zuten», diote EAkoek. «Hori guztiz faltsua da, horrelako ekintzak pairatu ditugun guztiok dakigun modura», salatu dute.
EAren ustez EAJren asmoa «ahalik eta jende gehienak pintadak ikustea» zela esan dute. «Hori da ez ezabatzearen benetako arrazoia», gaineratu dute.
Eusko Alkartasunak salatu duenez, EAJk
El Correo egunkarian esan zuen Bilduk ez dituela pintadak gaitzetsi nahi, eta azken [abuztuko] Osoko Bilkuran ez zela eskaria onartu.
EAk azaldu duenez, azken Osoko Bilkuran ez zen eskaririk egin, ekaineko osoko bilkuran baino. Han, EAko Josu Aboitizek esan zuen bere aldetik «ez zegoela arazorik gaitzespenaren alde egiteko», baina galde-eskaeren txanda zela eta «ezin zela bozketarik egin». Horrela, mozio bat aurkezteko gonbita egin zion EAJri.
Uztailean Eusko Alkartasunako zinegotzien aurka idatzi zuten EAJko aldizkarian. «Salaketa interesatuok, bizi dugun testuinguru politikotik kanpo daudela uste dugu», gaineratu dute EAko kideek.