Euskara Ondarroan nola ikusten duzu? prozesua martxan ipiniko du Ondarroako Udaleko Euskara Zerbitzuak, herrian euskararen inguruan dauden hutsuneak edota gabeziak betetzea helburu hartuta.
Horretarako, bilera bi egingo dira: zapatuan, irailak 28, izango da lehen saioa, eta urriaren 5ean bigarrena. Saioak Kofradia Zaharrean izango dira, 10:00etatik 12:30era bitartean.
Hutsune horiek betetze aldera, udalak ezinbestekotzat jotzen du herritarren parte hartzea, datozen urteetan indarra non egin behar den jakiteko eta indarra guztien artean egiteko garrantzia ezinbestekoa dela iritzita. «Lan hori zuekin, herritarrekin batera egin beharra daukagu».
Horrela bada, udalari egokia iruditu zaio Ondarroan esanguratsuak diren pertsonen iritziak jasotzea. Eta horrela egingo dute. «Hainbat arlotan egindako lanak baloratuko ditugu lehenengo batzar batean, eta bigarrenean, ostera, aukerei begira jarriko gara», zehaztu dute.
Gonbidapena, hartara, hainbat herritarri egin dio udalak: ikastetxeetako ordezkariei, gurasoei, gazteei, langileei, elkarteei, dendariei, gremioei eta banketxeetako langileei, besteak beste. Parte hartzaile guztiak egun eta toki berean elkartuko dira, eta herrian euskara zelan ikusten duten aztertuko dute. Beti ere talde txikietan banatuta egingo dute lan. «Batzar bi baino ez dira izango, baina jakin badakigu, bertatik ekarpen oso baliotsuak jasoko ditugula», esan dute udal eusara zerbitzuko arduradunek herritar guztiei gonbidapena eginaz.
Prozesuan parte hartu nahi dutenek 94-683 36 68 edo 662 346 188 telefono zenbakira deitu behar dute, edo nahiago izanez gero, udal euskara zerbitzuko posta elektronikora mezu bat bidali:
mrey@ondarroakoudala.net