Kultur areto bat edukitzearen garrantziaz jabetuta, alokairu kontratua sinatu du Lekeitioko Udalak parrokiagaz, Ikusgarri aretoaaren jabeagaz. Aretoaren erabileraren trukean, 500 euroko alokairua ordainduko dio udalak parrokiari. Aretoaren mantenimendu gastuez, udala arduratuko da. Lau urteko kontratua sinatu dute bi aldeek, eta luzatzeko aukera egongo da. 2017ra arte, beraz, udalak 520 metro karratu dauzkan eta 300 lagun sartzen diren aretoaren erabilera osoa edukiko du.
Udalaren esanetan, kultur programazio “sendoa” bultzatu nahi du Ikusgarri aretoan. Gainera, Euskadiko Antzokien SAREAn sartu direnez, gutxienez zortzi ekitaldi egingo dira urtean. “Udalarentzat oso garrantzitsua da horrelako kultur espazioak mantentzea eta herriratzea”, dio.
Beste aldetik, udalak adierazi du “esku zabalik” hartuko dituela zine komertziala eman ahal izatearen alde herritik sor daitezkeen ekimen ezberdinak. Hilaren 21ean zinezaleek deitutako batzarra “positibotzat” jo du Udalak: “Jendea gogoz dago zine emanaldiak mantentzeko”, diote. “Udala elkarlanerako prest dago eta bere esku dagoena egingo du horrelako ekimenak aurrera eroateko”, gaineratu dute.