Kofradia Zaharreko lehen solairura sartu eta hantxe dago ipinita Lierni Etxebarria Arantzamendiren (Ondarroa, 1966) lehenengo arte erakusketa. 35 lanek janzten dute aretoa, horrek eta egilearentzat guztiek daukaten balio sentimental eta aldarrikatzaileak.
Noiz hasi zinen artelanak egiten?
2010ean hasi nintzen. Bittoregaz beti izan dut hartu-emona, eta denbora librea nuela ikusita, berarengana zuzendu nintzen. Artelaneko eskoletan izena emon nuen, eta nire izatearen parte bat kaporatzeko desioa sortu zitzaidan. Zeramika, oleo, margoen bidez, neuk mundua ikusten dudan era bat islatzea pentsatu nuen.
Aurretik arte eskolan-edo ibilitakoa zara?
Ez. Sekula ez naiz izan pintatzen trebea, ez umetan, ez nagusitan, arte eskolan hasi arte. Ea trebea nintzen zen nire zalantza. Bittorek esaten zidan denok dauzkagula zaletasunak, danok dauzkagu ikuspegi ezberdinak, eta ez ahalegintzeko gauzak modu zehatz batean egiten.
Beldurrak uxatu zenituen azkanean.
Geldika-geldika, neure buruagaz konfidantza hartzea lortu nuen, eta egia esan, oso esperientzia aberasgarria izan zen, batez ere, neure talentu bat esnatu zelako orduantxe momentuan.
Lehenengo erakusketa bat ipintzea gauza berezia izango da.
Oso pozik nago, zoriontsu. Beti izan ditut neure artelanak etxean. Duela urtebete erakusketa bat zabaltzea zen neure ametsetako bat. Argi neukan neure jaioterrian izango zela. Joan den urrian Madrilera joan nintzen bizitzera, baina arte munduan nere bateoa hamen izan behar zen.