
Egokitzapenak egiten jarraitzen du Mutrikuko Udalak Herribus zerbitzuan, herritarren beharrizanei erantzun ahal izateko.
Aurrerantzean, Mutrikuko ikastolara autobus zerbitzuan joan ahal izango dute umeek.
Izan ere, ikastola herriaren goiko aldean egonda, herritar askok autoz igotzen dituzte umeak egunero. Hori dela eta, bereziki ikastolarako sarrera orduan auto pilaketa handiak sortzen dira inguruetan, horrek sortzen dituen eragozpenekin.
Herribusa moilatik aterako da 08:45ean, eta hiru geldialdi egingo ditu ikastolara bidean. Santa Katalina komentuaren parean; futbol zelaiaren inguruetan –San Miguel ikastetxera igotzeko eskaileren parean– eta Goiko Plazan. Futbol zelaiko geldialdian umeak jaso ez ezik, San Miguelera doazenak utzi ere egingo ditu. Samikolla inguruetan bizi direnek ere edukiko dute autobusean igotzeko aukera: Samikollatik 08:35ean aterako da, eta 08:40ak aldera ikastolan egongo dira.
Jaisteko aukera, urrian
Urritik aurrera, igotzeko ez ezik, ikastolatik herrira jaisteko aukera ere eskainiko du Herribusak. 13:00etan kiroldegi pareko aparkalekuan jasoko ditu umeak, eta bost lekutan utziko ditu: Kalbaixorako bidegurutzean, Txanbolingo biribilgunean, futbol zelai parean, komentuan eta moilan.
Zerbitzuak, edonola ere, herri zerbitzua izaten jarraituko du, eta ondorioz, ez da adin txikikoen ardura hartuko duen begiralerik egongo. Horrela bada, txikienek heldu batek lagunduta joan beharko dute. Aipatu behar da 4 urtetik beherako umeek ez dutela zerbitzua ordainduko.
Herritarren beharrizanei erantzutea helburu hartuta, udalak ez du baztertzen egokitzapen gehiago egitea: «Ibiliak erakutsiko digu, beti bezala, hobetu beharrik dagoen, eta hala balitz, horretara jarriko ginateke, dudarik gabe», nabarmendu dute.