Herriko ermitak lotzen dituen mendi irteera egingo dute, beste behin ere, aulestiarrek. Hain zuzen, urriaren 19an egingo dute Aulestiko ermitarik ermita mendi martxa, zortzigarren urtez. Parte hartu nahi duenak izena emateko aukera du dagoeneko.
Aurrekoetan bezala, ibilbide biren artean aukeratu ahal izango du herritarrak urriaren 19an; batetik, ibilbide osoa egin ahalko du, 25 kilometrokoa, eta, bestetik, laburra, 10 kilometrokoa.

Laburra egiten dutenek honako ibilbidea egin beharko dute: Parkea-Murelaga-Garatxaga-Lekerika-Narea eta amaitzeko Aulestiko plaza. Luzea egiten dutenek, ostera, honakoa: Aulestiko plaza-San Antonio- Goierri-Urregarai-Malats-Zubero-Urriola-Murelaga-Garatxaga-Lekerika-Narea-Aulestiko plaza.
Ibilbide osoa egin nahi duten pertsonak 08:00etan aterako dira Aulestiko plazatik eta bost ordu eta erdi ingurutan martxa bukatuta izatea aurreikusten dute. Ibilbide laburra egingo dutenak, berriz, 10:30ean irtengo dira parketik, eta 3 ordu ingurutan berriro ere Aulestiko plazan egotea aurreikusten dute. Aipatu ibilbide bietan zehar, janaria eta edaria hartzeko anoa postuak izango direla jakinarazi dute antolatzaileek; hain zuzen, Urregaraiko zelaian eta Garatxagan.
Martxa bukatuta, kopaua
Udalak jakinarazi duenez, kamiseta oroigarri bana emongo diote antolatzaileek parte hartzaileei. Horrez gain, kopaua ere izango dute aukeran martxan parte hartutakoek. Gainera, aparkalekuak zehaztuta egongo direla eta dutxatzeko aukera ere egongo dela azaldu dute antolatzaileek.
Santa Eufemi jaietan izena eman ez zutenek dagoeneko badute horretarako aukera: udaletxera jo edo bertara deitu (94 627 90 06) beharko du horretarako, urriaren 15a baino lehen. 14 urtera arteko parte hartzaile bakoitzak 7 euro ordaindu beharko ditu, eta 14 urtetik gorako bakoitzak, ostera, 15 euro.