Karkabia kultur taldeak eta
Urtxintxa Eskolak aurkeztutako proiektuaren bidez kudeatuko dira zerbitzuak hemendik aurrera. Aurretik zeuden
lau langileak mantenduko dira. Horrez gain, proiektuak
koordinatzailea edukiko du, astean, 15 orduz. Orain arte Suspergintzak koordinatzen zituen zerbitzuak, baina hemendik aurrera, beste modu batera eskainiko da zerbitzua.
Hurrengoak izango dira eskainiko diren zerbitzuak:
Ludoteka zerbitzua: HH3tik-LH2rako umeentzako. Zerbitzua aste barruan gurasoen zaintzapean izango da. Barikuetan eta zapatuetan begirale bi egongo dira 17:00etatik 20:00etara Kultur Etxeko erakusketa aretoan.
Kide gunea: LH3tik LH5eko umeentzako. Aisialdi zerbitzua, 8 urtetik 10 urtera bitarteko umeei zuzenduta. Asteburuetan izango da, bi begiralegaz, 18:00etatik 20:00etara.
Gazte bulegoa: Eguenetan eta barikuetan 17:00etatik 20:00etara zabalduko da. Gazte guneko ekintzak hilean behin izango dira eta gazteek eurek erabakiko dute zer ekintza egin nahi duten.
Karkabiak eta Urtxintxa Eskolak, zerbitzu horiek emateaz gain, Gazte Gunearen inguruko hausnarketa bat egingo dute. “Gazte Gunea gazteek eurek diseinaturiko espazioa izan behar da, ezinbestekoa da gazteek zer nahi eta behar duten adostea”, esan du Lekeitioko Udalak. “Gazte gunea, hainbeste diru xahutzen duen azpiegitura bat izan da orain arte, eta akatsa non dagoen argi dago: gazteen parte hartze barik antolatutako espazioa zen”, kritikatu du Bilduren udal taldeak. Horrela, aldaketa bat proposatzen dute
Palpalian haur eta gazteen aisialdia egin eta pentsatu proiektuagaz. “Udalak argi dauka gazteengana bideratutako gastuak beti direla inbertsio, baina inbertsio horiek zorrotz egin behar dira”, esan dute.
Lekeitioko Udalak azaldu duenez, orain arte zerbitzua kudeatzen zuen
Suspergintzaren kostua 12.322 eurokoa zen hileko, eta
proiektu berri honena, ostera, 4.406 eurokoa. “Zerbitzuaren eskaintza aldatzen bada ere, funtsean zerbitzuak mantendu egingo dira, eta %65a aurreztuko da”, azaldu du udalak. “Legegintzaldi hasieran Gazte Guneak 140.000 euroko partida zeukan urteko, eta udalak diru publikoa zorroztasunez kudeatu nahian, kontratu handi guztiak errebistau zituen”, gaineratu dute. Hasieran partida 120.000 eurora mugatu zen. Baina Suspergintzagaz kontratua amaitzen zela eta, Gazte Gunearen kudeatzeko beste modu batzuk bilatzen saiatu zen udala. Urtxintxa Eskolagaz eta Karkabiagaz sinatutako kontratua “trantsizio moduan” ikusten du udalak, ekainera arte. Aurreko kontratuak 61.000 euroko kosta zeukan bost hilabeterako, oraingoak, 22.031,25koa epe bererako.
Horrela, orain, 8 hilabeteko interbentzioa egin nahi da. Horren ostean, gazteekin eta beste eragile batzuekin ateratako ondorioak jakin eragingo dira, eta handik aurrera eman beharreko zerbitzuaren nondik norakoak zeintzuk izan behar diren jakingo da. “Orduan Gazte Guneko zerbitzu kontratu berria egiteko pleguak zelakoak izan behar diren jakingo da, erabiltzaileen beharrizanetatik eraikiko baitira”, diote. Deialdi zabala orduan egingo dela jakin eragin du udalak.