80 euskal herritar dira epaitzekoak urrian Espainiako Auzitegi Nazionalean. 35/02 sumarioan 40 lagun –tartean, Isa Mandiola markinarra, Karmelo Landa eatarra, Jon Martinez Sukarrietako bizilaguna– eta 110 herriko taberna; eta Segi auziaren baitan, beste 38 gaztegaz batera, Gaizka Likona eta Zurine Gojenola Goitia (Lekeitio, 1983) lekeitiarrak. «Nahikoa da» esateko garaia dela diote.
Politika libre egitearen aurkako epaiketa maltzurtzat jo dituzue hastekoak diren epaiketak.
Azken urteotan epaiketa pilo bat egon dira lan politikoa egiten duten antolakundeen kontra, eta euskal herritarren gehiengo batek esan du zelako teoria maltzurra sortu duten Espainiako Auzitegi Nazionalean horren kontra; beraz, alde batetik, horren guztiaren kontra gaude. Gainera, Europako Batasunetik ere epaiketa horietan arau hausteak egon direla esan duten epai batzuk egon dira. Honek epaiketak gelditu egin behar dira, eta ez hori bakarrik: gaur egun, epaiketa guzti-guztiak gelditu behar dira Euskal Herrian. Azken finean, azken hilabeteetan testuinguru politikoa pilo bat aldatu da, eta Euskal Herriaren gehiengoak esan du konponbidea behar dela. Errepresio mota guztiak ere gelditu egin behar dira, konponbidera heldu nahi bada.
35/02 eta Segiko sumarioa batera ipintzea estrategia baten barruan ulertzen al duzue?
Ez dakigu zergatik ipini dituzten batera, baina epaiketak abiatu dugun fase politiko berria gelditzeko ipini dituztela ulertzen dugu. Adibidez, Gure esku dago ekimenak ekainean Durango-Iruñea gizakate erraldoia egitera deitu du. Urteetan autodeterminazioaren alde ikusi den ekimen jendetsuena izango da. Erronka politiko pilo bat daude ikasturte honetara begira, eta ikusten dugu hori guztia oztopatzera datozela epaiketak.
Espainiako estatuari «nahikoa da» esateko deia egin diozue herritarrei.
Ikusten duguna da ez garela errepresioen kontrako dinamika batean sartu behar; hori Madriletik nahi dutena da. Baina eraso guztiak gelditu behar direla ikusten dugu, eta horri herri harresi bat sortu behar zaio, betiere baldintza berriak sortzeko. Herri honi ez bazaio bere buruaz erabakitzeko eskubidea onartzen, gatazka ez da konponduko. Herritarrak erasoen kontra ipintzea nahi dugu, epaiketa horiek geldiaraztea, baina logikoki horren atzetik beste pauso bat egon behar dela ikusten dugu: herri honi bere hitza eta erabakia onartu beharko zaizkio.
Espainiako estatua, baina, atzeraka doala adierazi duzue…
Bistan dago estatuaren aldetik ez dagoela inongo asmorik gatazka hau konponbidera eroateko. PP askoz erosoago mugitzen zen alderdi politikoak ilegalak ziren testuinguruan, eta gaur egun ere agertoki hori nahi du. PSOEren aldetik ere ezin dut bestelakorik esan, zoritxarrez. Legebiltzarreko bake ponentziatik ere alde egin du, aitzakia merkeekin. Ez da ponentzia horretan sinesten dudalako, baina hortik ere alde egin du. Eta EAJn ez lehen ez orain ez dut sinesten. Herriak EH Bildugaz elkartzeko eskatzen dio, baina PSEgaz batzea erabaki du akordio fiskal delako horretan. Zalantzarik barik, ezker abertzalea agertoki politikotik baztertzeko taktika bat da. Beraz, zer esango dut ba: nik herrian sinisten dut, herritarrengan. Momentu honetan ikusten dugu herritarrok daukagula boterea zer edo zer aldatzeko. Guk danok konpromiso hori hartzen badugu, alderdi politikoek eta gainerakoek ere hartuko dute.
Libre Eguna elkartasun eguna da, zentzu zabalean, eta elkartasun materiala ere eskatuko duzue.
Gure auziko guztiok kartzelatik pasatu gara, eta baldintzapean utzi gaituzte kalera ateratzen. 800.000 euroko fidantzak ordaindu behar izan ditugu guztira, kalera atera ahal izateko. Herriko tabernen auziko akusatuek 950.000 euro ordaindu zituzten baldintzapean aske geratzeko.
Eta beste 900.000 mila euroko gastua aurreikusten da epaiketetarako.
35/02ren epaiketak bost hilabete iraungo duela espero da. Akusatuen zein 110 elkartetako arduradunen garraioak, egonaldiak zein defentsak 700.000 euroko kostua daukate. Gure epaiketak hiru hilabete iraungo duela espero da, eta 200.000 euro inguruko kostua izango du. Epaiketak uste baino gehiago luzatzeak hileko beste 150.000 euroko kostua dakar.
Epaiketak noiz dira egitekoak?
Segi auzia urriaren 14an hasiko da, eta 15ean eta 16an jarraituko du. Astelehen, martitzen eta eguaztenetan izango dira saioak. Herriko tabernen auziko lehen auzi saioak urriaren 17an eta 18an izango dira, eta gerora ere eguen-barikuetan izango dira. Gabonetara arte hamabi egun emon dizkigute gazteoi, lau txanda, hiru egunekoak. Aurreikusten dugu Gabonetan esango digutela gero zelan antolatuko den. Herri dinamika zelan mugitzen den ikusi nahi dutela uste dugu guk. Donostiako eta Ondarroako herri harresiak ikusita, herri dinamika zelan mugitzen den ikusi nahi dutela uste dugu, eta horren arabera erabaki.
Konpromisoak biltzeko helburuagaz harreman bira hasi zenuten Donostian. Zelan joan dira bilerak?
ELAgaz egin genuen lehen bilera, eta gerora beste sindikatu eta alderdi politikoekin ere egon gara: EH Bildugaz, EAJgaz… Eragile sozial, politiko eta sindikaletatik hasi gara. Hauekin, epaiketak irauten duen bitartean ere interlokuzio iraunkorra mantendu nahi genuke. Baina harreman honetatik emaitza batzuk ere espero ditugu. Hauetako eragile bakoitzari bere aldetik bere eremuan zer edo zer egiteko deia luzatzen diegu, eta, horrez gain, guk baditugu udatik hona zabaltzen gabiltzan deialdi batzuk ere: Lekeition Libre Eguna etzi, eta urriaren 26an Bilbon manifestazio nazionala. Hauek ere eragileekin elkarlanean atera nahi ditugu.
Gazteok «hauskorragoak» zarete neurri batean. Behar besteko babesa sentitzen duzue?
Babesa, batez ere, norberak norbere ingurutik sentitzen du, eta horretan ez da falta: familia eta lagunak beti daude alboan. Auzipetu guztien artean, eta ezker abertzaletik ere, denok batera joateko ahalegina ari gara egiten. Libre Eguna da horren adibide bat: hemen egiten den aldarrikapena auzipetu guztiontzat da, ateratzen den dirua denontzat da. Gaur egungo testuinguruan ez dugu epaiketarik ulertzen, erasorik ez dugu onartzen; hortaz, orokorrean jendea kokatu behar da horren kontra. Gu ere horrela ari gara lanean, bi auzietakoak batera ari gara beharrean.
Libre Egunak egitarau zabala eskainiko du etzi. Zer esango zenioke jendeari Lekeitiora joan dadin?
Konponbidera heltzeko garaia dela uste dugula da etortzeko dagoen arrazoi garrantzitsuena. Indar desoreka bat egin behar dugu, eta gatazka hau sufritzen duen azken belaunaldia izan behar dugu. Domekan Pirritx eta Porrotx ikusten egongo diren umeek ez dute gatazka hau bizi behar. Eta gero, egun oso polita izango delako. Umeak dituzten gurasoentzat ez da Pirritx eta Porrotx ikustea baino plan hoberik existitzen. Eguerdian, portuan, ekimen polit-polita izango da. Nafarroatik, esate baterako, konpromisoen harria helduko da, eta eskuz esku pasatuko da.
Ezustekorik egongo al da?
Bai. 12:30ean izango da, portu inguruan. Plazan olinpidadak jokatuko dira, txosnak egongo dira, eta arratsaldean kontzertuak egongo dira, Iheskide, Itziarren Semeak eta Gatibugaz. Bazkaria ere egongo da ikastolan, herri kantuekin, eta jendez bete nahi da, diru iturri garrantzitsua izango delako. Haurtzandegi zerbitzua ere egongo da. Txartelak herriko tabernetan daude saltzen, 15 euroren trukean.