Javier Artetxebarriak (Munitibar, 1953) hartu du Iker Belaustegik utzitako alkate kargua, Munitibarko Udalean. Bost urtegaz Munitibar utzi zuen Artetxebarriak, eta hainbat urtetan Soraluzen eta Eibarren (Gipuzkoa) bizi ostean, 2005ean jaioterrira buelta egin zuen. Multinazional batean lan egiten du munitibartarrak, giza baliabideetako arduradun legez. 32 urte dara

matza bertan eta, alkate bada ere, behar berean jarraitzen duela azaldu du.
Kargua hartu zenuenetik asteak igaro dira. Zer moduz moldatu zara alkatetzan?
Egunerokotasuneko gauzetatik aparte, ez dago gauza handirik; beraz, orain arte ondo moldatu izan naiz. Alkate izan aurretik zinegotzi izandakoa ere banaiz; beraz, aurretiaz moldatuta nago. Kargu aldaketa bat baino ez da izan.
Zinegotzia izatetik alkate izatera pasatuko zinenik inoiz pentsatu al duzu?
Ez, sekula ere ez dut halakorik pentsatu; bururatu ere ez zait inoiz egin.
Beraz, nola hartu zenuen Iker Belaustegik kargua utziko zuenaren erabakia?
Mirene Bidaguren zen zerrendan bigarrena; beraz, horren arabera, berak hartu behar zuen Belaustegiren lekua. Dena den, karguari uko egin zion Bidagurenek eta nik hartu nuen berari zegokion kargua.
Zalantzarik izan al zenuen kargua hartzerako orduan?
Ez nuen inongo zalantzarik izan; zalantzarik ez da izan behar. Gogotsu hartu nuen kargua.
Zein helburugaz hartu zenuen alkate kargua?
Helburu zehatzik barik hartu nuen. Herria eta udaletxea ganoraz mantentzea da gaur egungo helburu bakarra; ez dago besterik. Uste dut egun udaletxea patxadaz dagoela eta eustea ere nahikoa dela. Azken finean, herrian bizi denari egunero-eguneroko zerbitzua ematea da garrantzitsuena, beste dena soberan dago. Herrian obrak egitea, esaterako, ez da garrantzitsua; suertatzen badira, aurrera, baina bestela pertsonak dira garrantzitsuak.
Zer suposatzen du zuretzat Munitibarko alkatea izateak?
Alkate izateak ez du ezer berezirik suposatzen niretzat.
Alde batera laga behar izan al duzu zerbait alkate izateko ?
Ez dut ezer alde batera utzi behar izan. Nire lanean orain arte bezala jarraituko dut. Udalari, berriz, orain arte zinegotzi izateari eskaintzen nion denbora eskainiko diot; apur bat gehiago.
Familiakoek eta ingurukoek zer iritzi dute kargua hartu izanaren inguruan?
Familiakoak ez diote ezer; nire erabakia dela soilik.
Munitibarko alkate izanik, zer eskainiko diozu herriari?
Laguntasuna eskainiko diet Munitibarko bizilagunei; betiere, nire esku badago, behintzat.
Eta horren truke, zer eskatuko diezeue?
Ez diet ezer eskatuko. Inoiz ez da espero behar besteek emango dutena; norberak eman behar du, bueltan ezer itxaron gabe. Badator edarto, eta ez badator ere ondo.
Alkate kargua hartuta, zein egoeratan aurkitu duzu Munitibarko Udala?
Udal guztiak bezala, diruz eskas dago Munitibarko Udala. Gauza handirik ez, baina dagoena egin behar da, egunerokotasuneko geuzei lehentasuna emanaz.
Aurrera begira, udalak dituen proiektuak zeintzuk dira?
Momentuz, ez dugu proiekturik. Bengola Energia Berriztagarrien Interpretazio Zentroa eta Aisialdi Gunea martxan jartzea da dagoen proiektu bakarra; hala ere, gai horretaz, batez ere, Lea Ibarra Mankomunazgoa arduratzen da.
Zein gabezi ditu Munitibarrek, zure ustetan?
Bila hasiz gero, seguraski izango dira, baina egunerokotasunerako gabezi bakarra komunikazioarena dela uste dut. Iruzubieta auzotik, adibidez, ez dago autobusik, eta Gernika-Lumo eta Lekeitiorako ordubiro barik, orduro egongo balitz hobe. Gainera, errepideen egoera ez da batere ona; duela 50 bat urte errepideak berdin zeuden, eta geroztik ez dituzte konpondu. Mantentze lanak egin dituzte, baina zabaldu ez.
Eta alde onak zeintzuk dira?
Munitibar oso herri lasaia da; herritarrak oso trankil bizi dira berton. Herri txikia izanik, gainera, zerbitzu denak eta onak ditugu; mediku ona eta farmazia ere baditugu, esaterako. Gainontzeko herrietan bezala, bizia arazorik barik egin daiteke herrian; beste leku batzuetan baino errazago.
Zenbat urtetan ikusten duzu zure burua Munitibarko alkate legez?
Horretan pentsatu ere ez dut egin; datorrena datorrela. Momentuz, 2015era arte izango naiz Munitibarko alkatea.