Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindutako Herrira euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako polizia operazioan hamazortzi pertsona atxilotu zituen atzo Guardia Zibilak.
Inkomunikaziorik ez diete ezarri, eta euretako batzuk
Madrilen (Espainia) ziren atzo arratsaldean bertan.
Dagoeneko denak dira han: Tres Cantos komisaldegian. Gaur, 21:00etan, hasiko da Guardia zibila atxilotutako batzuei deklarazioa hartzen (Nagore Garciari, Manuel Ugartemendiari, Gorka Gonzalezi, Ane Celayari, Francisco Baldari, Jon Garayri, Sergio Labayeni, Imanol Carrerari eta Eneko Villegasi), eta bertan izateko aukera izango dute abokatuek. Atxilotutako besteei, berriz, bihar hartuko die deklarazioa. Hala ere, edozein momentutan pasatuko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascoren aurretik. Legez, 72 orduko epea dute horretarako; beraz, eguen goiza dute horretarako azken eguna.
Hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek manifestazio nazionalean parte hartzera deitu dituzte herritarrak zapaturako. Hala,
zapatuan, 17:30ean La Casillatik (Bilbo) abiatuko direla iragarri dute Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean egindako agerraldi jendetsuan.
ETAko kide izatea leporatu die guztiei Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta baita “erakunde armatua finantzatzea” ere bai. Herrira-k, legez kanporatuta dauden Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta Askatasunak utzitako lekua hartu duela argudiatu du epaileak; “oinordekoa” dela. Kaleratutako euskal presoei harrerak antolatuta, “terrorismoa goratzen” aritzea ere egotzi die atxilotuei.
Sarekada salatzeko mobilizazioak izango dira gaur Lea-Artibain: Mutrikun, esaterako,
Konponbideari erasorik ez! Utzi bakean Euskal Herria! lelopean elkarretaratze zaratatsua egingo dute gaur 19:30ean, Goiko plazan.Markina-Xemeinen, ostera, 20:00etan batuko dira elkarretaratzea egiteko Arkupe aurrean.
Euskal gehiengo sindikalak, bestalde,
agerraldia egingo du bihar 11:00etan, LAB sindikatuaren Bilboko egoitzan. Hala, operazioaren gainean eta bere helburuen inguruan beren iritzia ezagutaraziko dituzte sindikatuek; era berean, “bidegabekeria horren aurka” eremu sindikaletik datozen egunetarako antolatu dituzten mobilizazioak iragarriko dituzte. Bertan izango dira, besteak beste, Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide, ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiak, hurrenez hurren.
Espainiako hainbat tokitan ere egingo dute Herrira-ren alde, mobilizazioen bitartez: Bartzelonan, Madrilen, Mallorcan…
Agerraldia jendetsua gaurkoa, Bilbon
Beste hainbatekin batera,
ezker abertzaleko kide Joseba Permach, Tasio Erkizia eta Periko Solabarria, eta EH Bilduko legebiltzarkide Pello Urizar, Oskar Matute eta Rebeka Ubera ere izan dira gaur goizean Arriaga parean egindako agerraldian.

Gaur goizean agerraldia jendetsua egin dute Bilboko Arriaga Antzoki aurrean
Herrira-ren jarduera “publikoa” dela nabarmendu dute eta giza eskubideen defentsa duela helburu gaineratu dute. Agerraldian elkartutako eragileek “normaltasunez” dituztela harremanak mugimenduarekin azaldu dute, eta
horri eutsiko diotela gaineratu dute: “Hainbeste militante eta arduradun atxilotu izanak nahigabea eta haserrea eragiten digu. Horregatik, edozer baino lehenago, atxilotuekiko eta hauen senideekiko elkartasuna adierazi nahi dugu. Halaber, ez dugu ezkutatu nahi beldur garela azken orduotan egoitza polizialean jaso dezaketen tratua medio”.
Herrira-ren jarduera “publikoa” dela nabarmendu dute ezker abertzaleko kideek gaur, Bilboko Arriaga antzokiaren parean
Polizia operazioak “eskubide eta askatasun demokratikorik funtsezkoenak” urratzen dituela salatu dute, eta operazioaren atzean “erabaki politikoa” dagoela deritzote: “Guretzat begi-bistakoa da bidegabekeria honek helburu politiko bat, edo hainbat, duela. Lehena, ageri-agerikoa, euskal preso politikoen eskubideen defentsa kriminalizatzea. Noiz, eta argitaratzekotan denean espainiar estatuak presoekiko ezarri duen zigorren luzapen krudelari buruzko epaia. Kriminalizazioa medio espainiar gobernuak aldez aurretik zuritu nahi du bere jokabidea, giza-eskubideen auzitegi europarrari kargu hartuko bailioke estatu-arrazoiaren aurkako epai bat emanez gero”.
Halaber, “makrosumario eta ilegalizazioek markatu duten aroa
sine die” luzatu nahi izatea egotzi diote Espainiari: “Gure herriko esparru zabal baten lan politikoa eragoztea da xedea, hark irtenbideen aldeko jarrera izanagatik, estutasun antirrepresiboan kateatuta gera dadin eta bere garapena galarazte aldera”. Atzoko sarekadarekin PPk eta Espainiako Gobernuak dituen arazoak ezkutatzeko nahia ere antzeman dute.

Gipuzkoako EH Bilduko legebiltzarkideak, gaur goizean, Herrira-ren aldeko elastikoekin
Operazioaren aurrean erantzun “zabal eta irmoa” bultzatzeko beharra nabarmendu dute; horregatik, zapatuko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute. “Gure helburua da Espainiako Estatuari helaraztea euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko duen sentipena, eta gure elkartasuna adieraztea atxilotuekin, berehala libre utz ditzatela exijituz”, esan dute. Hala, Herrirak egiten duen gisan, “tantaz tanta, guztion eskubide eta askatasunen defentsan elkar ulertzeko ahaleginez” lan egingo dutela aitortu dute.
Amalur Mendizabal Amaiurreko senataria eta EH Bilduko ordezkariak, bestetik,
Eusko Legebiltzarrean batu dira, 11:30ean, agerraldia egiteko. Izan ere, Ertzaintza protestan ari ziren herritarrei oldartu zitzaien, Hernanin, borraz eta gomazko pilotez, eta Amaiurreko senataria buruan zauritu zuten.
EH Bilduk Ertzaintzaren “desarme errepresiborako urratsak” eman ditzala exijitu dio gaur EAJri; izan ere, atzo Polizia autonomikoak eman zuen irudia “deitoragarria eta eskandalagarria” izanzela uste baitu. Era berean, Amalur Mendizabal Amaiurreko senatariaren kontrako erasoa salatu du EH Bilduk, eta, Julen Arzuagak iragarri duenez, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren agerraldia eskatuko du, “Legebiltzarrean azal ditzan zer nolako diziplinazko neurriak hartuko dituen Hernanin kargatzeko agindua eman zuen ertzainburuaren aurka eta Amaiurreko senatariari eraso egin zion agentearen aurka”. Horren harira, EH Bilduko legebiltzarkideak Urkullu lehendakariari ekidistantziak albo batera uzteko eskatu dio, “ekidistantziak ez duelako balio, edo bakearen alde kokatzen da edo bakearen kontra dagoen Gobernu espainolarekin batera”.
Arzuagak, gainera, presoen eskubideen alde aritzea “bidezkoa” dela nabarmendu du; “bidegabea dena jardun politiko-sozial hori kriminalizatzea da”. Alegia, “atzokoa bezalako operazio batean protesta baketsua egitea” dela bidezkoa azaldu du, eta, ez zilegia, ostera, “atzo ikusi zen okupazio militarra eta karga polizialak”.

Sabino Cuadra, Espainiako Kongresuan
Bien bitartean, erreakzioak sortzen ari dira etengabe. Gaur goizean, adibidez, Gipuzkoako EH Bilduko batzarkideak Herrira-ren aldeko elastikoekin agertu dira Batzar Nagusietako osoko bilkurara. Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak elkartasuna adieraziz eta herria eraikitzeko deia eginez ekin dio politika orokorreko saioari. Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak Herrira-ren kartel bat erakutsi du Espainiako Kongresuan.
Basque Friendship taldea osatzen duten europarlamentariek atzoko sarekada eskubide demokratikoen aurkako erasotzat jo dute
- Basque Friendship taldea osatzen duten europarlamentariek atzoko sarekada eskubide demokratikoen aurkako erasotzat jo dute, eta giza eskubideak zein biltzeko eta adierazteko eskubideak urratu dituztela salatu dute.
“Zentzurik gabeko atxiloketak”, EGIren ustez
Euzko Gaztedi EGI EAJ taldearen barneko gazteen erakundea ere, Herrira-ko kideen atxiloketen inguruan aritu da. “Zentzurik gabeko atxiloketak” direla adierazi du; alegia, “euskarri juridiko ahul bat duten atxiloketak”. Era berean gertaera “bereziki larriak” direla uste du EGIk, “dinamika negatibo batean sartzeko arriskua sortzen dutelako”.
“Ez dugu atzera bueltatzerik nahi, ez dugu sufrimendu gehiago nahi Herri zigortu honentzat; bakea eta elkarbizitza ditugu helburu”, azaldu dute.
Oinarri juridikorik gabeko atxiloketak “iraganeko praktika ustelak” direla helarazi nahi dio EGIk Espainiako Gobernuari, “ETAko presoei ezartzen zaien espetxe politika ustela den bezalaxe, eskubideak urratzen zaizkielako”. “ETAko askatzaileei” aipamen eginez, erantzukizuna ezin dakiokeela beti beste inori leporatu uste du EGIk. “Ezin dira Madrilera edo Parisera begira egon. Urte luzeetan ahaztuta izan duten Euskal Herriaren ahotsa entzun behar dute. Bakea gu guztioi zor digute, euskal emakume eta gizonoi. Urrats gehiago eman beharko dituzte egoera desblokeatzeko, zuzeneko erantzule eta errudun izan diren heinean, eta, ezker abertzaleak bide hori berori erraztu behar du”.
“Oinarrizko giza eskubideen erasoa”
Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak, bere aldetik, uste du “Herrira-ren aurka egin duten erasoa oinarrizko giza eskubideen aurkako erasoa” dela; “Herrira-ren jarduera eremu horretan kokatu baita sortu zenetik honaino, euskal presoen giza eskubideen defentsan”. Herrira-ren aurkako operazio horrekin, “Espainiako Gobernuak elkartzeko eskubidea urratzeaz gain, bake bideari burdinezko ataka bat jarri nahi izan” diola dio Aizpuruak. Hori dela eta, aipatu operazioak “larritasun berezia” sortarazten duela deritzo.
Zapatuko manifestazio nazionalaren deitzaileak
Gaur gaurkoz, 34 eragile politiko, sindikal eta sozial dira Herrira-ren aldeko zapatuko martxa deitzen dutenak:
Alternatiba, Aralar, Askapena, Bai Euskal Herriari, Behatokia, Bilgune Feminista, CGT, Egiari Zor Fundazioa, EHNE, ELA, Eleak mugimendua, Elkartzen, EPPK bitartekaritza, Erabaki, Ernai, ESAIT, ESK, Eskubideak, Etxerat, Euskal Herrian Euskaraz, Eusko Alkartasuna, Ezker Batua, GITE-IPES, Gorripide, Hiru, Ikasle Abertzaleak, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Komite Internazionalistak, LAB, Sare antifaxista, Sortu, EILAS, Taupaka sortzaileon elkartea eta Torturaren Aurkako Taldea.