Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna ospatuko dute zapatuan, Markina-Xemeinen. Jaia biribila izateko, goizetik goizaldera arteko egitaraua prestatu dute Bertsozale Elkarteak eta Markina-Xemeingo Bertso Eskolak. Txapelketa Nagusiko kanporaketa ere zapatuan jokatuko da, eguna guztiz biribiltzeko. Dena prest egon dadin, buru belarri aritu dira antolaketan Olaia Aginaga (Markina-Xemein, 1985) eta bertso eskolako beste kide guztiak.
Zergatik aukeratu da Markina-Xemein Bertso Eskolen egunerako?
Aurtengoa hirugarren bertso eskolen eguna izango da; orain urte bi Lesakan egin zen, iaz Zarautzen eta aurten Markina-Xemeinen izango da. Iaz, Markina-Xemeingo Bertso Eskolari ikuskizun bat egiteko eskatu ziguten. Han, bertsotan, hurrengo Bertso Eskolen eguna Lea-Artibain egin behar zela esan genuen, desafio moduan. Eta horrela izan da azkenean. Aukera arrazoi desberdinengatik sortu da: batetik, gure eskaria izan zen; bestetik, lurraldea aldatu nahi zen; eta azkenik, Txapelketa Nagusiko saio bat hemen izanda, biak egun berean izatea egokia zela begitandu zitzaien Bertsozale Elkarteko kideei. Gainera, asteburu honetan saio bakarra dagoenez, zapatuan bakarrik, egokia zen eguna goizaldera arteko egitaraua prestatu eta egun osoko jaia antolatzeko.
Zelan antolatu duzue?
Bertsozale Elkartearen barruan bertso eskolen batzordea dago, herri desberdinetako bertso eskoletako jendea batzen duena. Talde horretan, denon artean prestatu dugu zapatuko egitaraua, batzordetik bideratu da guztia.
Zein da zapatuko egitaraua?
Eguerdian, 13:30ean, Uhagonen elkartuko gara, eta han ongietorria egingo diete bertso eskoletako kideei. Handik bazkaltzera joango gara, Akerbeltz gaztetxera. Bazkalostean, gaztetxean bertan, Mungiako bertso eskolakoek emanaldia eskainiko dute.
Eta arratsaldean, Txapelketa Nagusiko saioa.
Bai, frontoi handian izango da txapelketako bigarren kanporaketa. Saioa amaitu eta segituan jarraituko du bertso eskolen egunak. Andrabanda Feministagaz batukada hasiko da frontoi txikitik. Herrian zehar poteoan ibiliko dira, eta lau geldiune egingo dituzte: bi geldialditan bertso zaharrak eta bertso sorta bat kantatuko dituzte, eta beste bitan, bertso eskolakoek esketxak egingo dituzte; hurrengoan, bertso sorta kantatuko da… Eta horrela ibilbidea osatu arte. Bide horretan pintxo batzuk jan, eta handik, gaztetxera joango gara berriro. Bertan, 23:00etan, Bi bala ikuskizuna hasiko da, Iñaki Gurrutxaga eta Aitzol Barandiaranen ikuskizuna. Eguna amaitzeko, Fan & Go erromeria egongo da gaztetxean bertan.
Zergatik joan beharko litzateke jendea zapatuan Markina-Xemeinera?
Bertsoagaz eta bertsoaren inguruan sortzen den giro berezi horregaz gozatzeko eguna izango da, giro ona sortuko da. Bertsozale guztientzako jaia izango da zapatuan ospatuko duguna. Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Markina-Xemeingo Gazte Asanbladari eta herriko bertsozale batzuei, asko lagundu dutelako eta bertan egunean ere lagunduko dutelako.