Zor zaizkien nominak ordaintzeko eskatuz egin dute elkarretaratzea. TMA eta Laserlan enpresak Borondate Group enpresa taldean daude, eta Rafael Zabala da zuzendaria. Zabalak beste enpresa bat dauka Zamudion, Zerurena Investiment SL. Haren aurrera joan dira gaur goizean Etxebarriko enpresetako langileak protesta egitera. 10:30etik 12:30ak arte egon dira elkarretaratzean.
Enpresak lau nomina baino gehiago zor dizkie bi enpresetako langileei.

Momentu honetan enpresa biak daude administratzaile konkurtsalaren esku, enpresak lehiaketara eroan zituelako.
Talleres Mecanicos Arakistainen (TMA) kasuan, administratzaile konkurtsalak kontratuak eteteko agindua eman du dagoeneko. Orain, zer zor dagoen aztertu du, eta enpresa likidatzea eskatuko du ahal bait arinen.
Beraz, TMA desagertzeko bidean dago.
Laserlanen kasuan, oraindik ere irtenbideren bat egon daitekela ikusita, hobeto aztertzea erabaki du administratzaile konkurtsalak. Datorren asterako enpresa bideratzeko plana aurkeztuko du. «Ikusiko dugu aurrera egingo dugun edo ez», diote langileek.
Langileen ustetan,
azkenean FOGASAtik kobratuko beharko dute, hau da, diru publikotik. «Ez zor diguten guztia, FOGASAk kantitate mugatuak ordaintzen ditu eta», esan dute. «Guk gurea den guztia ordaintzeko eskatzen dugu, eta Rafael Zabalak edo bere elkarteek ordain dezatela gainera, ez diru publikotik», diote. «Bera da egoera honen erruduna, ez herritar guztiak».
Bestetik Patxi Arakistain eta Isaac Barreiro ere kritikatu dituzte, lehengo TMAko eta Laserlaneko zuzendariak. Enpresak euro baten truke saldu zizkieten Rafael Zabalari. «Eurek dirua atera zutenean ondo, eta zorrekin hasi zirenean alde egin zuten», diote.