
Berriatuko Aranzibia dorretxea
Ondareari buruzko Europako Jardunaldien 2013ko edizioa asteburu honetan jarriko da Lea-Artibain.
Atzokoa biharko da jardunaldien aurtengo leloa, eta ondarearen kontserbazioa izango dute oraingoan ardatz. Gernika-Lumon hasi, baina beste herri askotan izango dute jarraipena Ondareari buruzko Europako Jardunaldiek. Hain zuzen, Bizkaiko 65 udalerrik, 11 museok eta 33 erakunde publiko eta pribatuk 150 jarduera baino gehiago antolatu dituzte, eta tartean dira Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar ere. «Bisita gidatu, hitzaldi, erakusketa eta erakustaldien bidez, eraikin erlijioso eta zibil esanguratsu batzuetan egindako esku-hartzeen berri» emango dute entitate horiek.
Lea-Artibain programatu dituzten ekitaldi gehienak bisita gidatuak eta berbaldiak izango dira, baina izango da bestelakorik ere. Berriatuan, adibidez, zurgintzaren inguruko hitzaldiaz gain, erakustaldia ere izango da urriaren 26an.
Esku-hartzeen «barrenak»
Gisa bateko edo bestekoa izan, alabaina, ekitaldi denen helburua Bizkaiko ondarean egindako esku-hartzeen «barrenak» jendaurrean erakustea da. «Azken finean, gure herentzia, gure memoria, gure nortasuna nola berreskuratzen ari garen jakinaraztea», aldundiaren arabera.
Jarduera gehienak asteburuz izango dira, eta, baterako zein besterako lekuak mugatua direnez, izena lehenbailehen ematea komeni dela azaldu dute antolatzaileek.
Lea-Artibaiko eskaintza
Berriatua
- Zurgintza, eraldatutako ogibidea. Hitzaldia eta erakustaldia, Manzisidor anaien eskutik. Urriaren 26an, 17:30ean, udaletxe aurreko enparantzatik. Antolatzailea: Berriatuko Udala. Informazioa eta erreserbak: 94-613 70 30.
- Aranzibia dorretxea. Bisita gidatua. Urriaren 5ean, udaletxe aurreko enparantzatik, 11:00-etan. Antolatzailea: Berriatuko Udala. Informazioa eta erreserbak: 94-613 70 30.
Ispaster
- Ispasterko San Migel: errespetuz esku-hartuz. Bisita gidatua. Urriaren 12an, 17:30ean, San Migel elizan. Antolatzailea: Ispasterko Udala. Informazioa eta erreserbak: 688-613 537.
Lekeitio
- Abaroa jauregia. Bisita gidatua. Urriaren 19an eta 20an, 11:00etan, Turismo Bulegotik (udaletxeko plazatik). Antolatzailea: Lekeitioko Udal Kultur Erakundea. Informazioa eta erreserbak: 94-684 40 17.
Markina-Xemein
- Ondarean esku-hartuz. Bisita gidatua. Urriaren 20an, 11:00etan (euskaraz) eta 12:00etan (gazteleraz), Goiko Portaletik. Antolatzaileak: Markina-Xemeingo Udala eta Uhagon Kulturgunea. Informazioa eta erreserbak: 94-616 63 03.
- Xemeingo erretaularen zaharberritzea. Bisita gidatua eta hitzaldia, Javier de Miguelen eskutik (Equipo 7 Restauracion). Urriaren 13an, 12:30ean, Xemeingo Andra Mariaren Zeruratzea elizan. Antolatzailea: Markina-Xemeingo Udala eta Uhagon Kulturgunea. Informazioa eta erreserbak: 94-616 63 03. Gazteleraz.
Munitibar
- Bengola burdinola. Bisitaldi gidatua. Urriaren 26an, 11:00etan, Bengola Burdinolatik. Antolatzailea: Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa. Informazioa eta erreserbak: 94-684 44 23.
Ondarroa
- Bizirik dirauen ondarea. Bisitaldi gidatua. Urriaren 5ean, 16:00etan (euskaraz), eta urriaren 19an (gazteleraz), 10:30ean, Ondarroako Turismo Bulegotik. Antolatzailea: Ondarroako Turismo Bulegoa. Informazioa eta erreserbak: 94-683 19 51 / turismobulegoa@ondarroakoudala.net.
Ziortza-Bolibar
- Bolibartik Ziortzako monastegira. Bisitaldi gidatua. Urriaren 5ean eta 26an, 11:30ean, Simon Bolivar Museotik. Antolatzailea: Simon Bolivar Museoa. Informazioa: 94-683 19 51 (Ondarroako Turismo Bulegoa).