2013 eta 2014 urteetarako
Gaztedi Bizkaia proiektuaren barruan,
Gaztedi Lea Artibai proiektua garatzeko hitzarmena sinatuko dute hileon Bizkaiko Foru Aldundiak, Lea Artibai Amankomunazgoak eta eskualdea osatzen duten 12 udalek. Proiektu horren bitartez, “gazteriaren arloko politika integralak bateratzeko jarduerak bideratzea eta egiturak sortzea” da horien helburua.
Gazteei “berariazko arreta” eman behar zaiola-eta, “beharrezkotzat” jotzen dute ikuspegi orokorra hartzea elkarrekin lotuko dituen gazteen eremu guztiak; hala nola, lana, etxebizitza, hizkuntza, ingurumena, lurralde oreka…
2013an eremu horietara heltzen saiatu direla diote hitzarmena sinatuko dutenek; horretarako, hainbat proiektu martxan jarriz: autoenpleguaren sustapena ikastetxeetan; droga-menpekotasuna gazteekin esku hartzea eskola eremuan eta hezikidetza tailerrak ere eskola eremuan; gazte diagnostikoa, gazteen premiak eta beharrizanak aztertzeko, eta
Gababusaren proiektua eskualdeko udalerrietako jaietan eta inguruko azoketan, besteak beste.
Azken
proiektu hori udan jarri dute martxan eta arrakasta handia izan du Lea-Artibain eskualdean; izan ere, “eskualdeko 12 herritik 8k ez dute garraio publikoa nahiko garatuta, eta, gainera, gauetarako autobus zerbitzurik ere ez dago”. Gababusari esker, baina, inguruko jaietara mugitzeko aukera izan dute eskualdeko herritarrek, eta baita jaietatik etxera bueltatatzeko aukera ere. Oraindik guztiz amaitzeko bada ere, proiektuak 18.000 euroko kostua izango duela jakinarazi dute horren bultzatzaileek.
Gababus zerbitzuko 1.468 txartel saldu dira, gehienak Aulestin (338); zerbitzua arrakastatsua izan dela esan du Amankomunazgoak
Hain zuzen, udan zehar,
Gababus zerbitzuko 1.468 txartel saldu dira; gehienak (338 txartel) Aulestiko jaietan. Dena den, oraindik, martxan darrai Gababusak; Markina-Xemeingo eta Durangoko azoketarako ere izango baitu herritarrak.
Datu horiek kontuan hartuta, “emaitza onak” direla azaldu dute Gababusa proiektuaren bultzatzaileek; hori dela eta, hurrengo urtean ere proiektuagaz jarraitzeko asmoa erakutsi dute.