Barroeta dorretxeak duela urte asko ikusten zuen paisaia bera dauka aurrean uztailetik: herritarrak inguruko lurretan beharrean, ortuetan haziak ereiten eta fruituak jasotzen. Izan ere, prozesu baten ostean, Markina-Xemeingo udalak,
40 ortu publiko jarri ditu herritarren eskura Barroeta dorretxearen eta futbol zelaiaren arteko landan.
Ortu bakoitzak
70 metro koadro inguru ditu, eta denak elkarren alboan daude. Horretaz gain, aldagelak, dutxak eta komunak ere jarri dituzte bi kabinatan, eta hirugarren kabina batean, erabiltzaileentzako ortuko erramintak gordetzeko lekua dago. Kanpotik egurragaz forratu dira etxolak, ingurumen inpaktu txikiagoa edukitzeko. Gainera, inguruan zuhaitz batzuk eta banku batzuk jartzeko asmoa ere badauka udalak.
Ortuetako lur sailen esleipenek 5 urteko iraupena edukiko dute. Ostean, lekua balego jarraitu egingo lukete erabiltzaileek, eta bestela, itxaron zerrendaren arabera txandakatuko dira.
Ortuek eduki duten eskari handia dela eta,
datorren urtetik aurrera beste 40 ortu sortzeko aukera aztertzen ari da Markina-Xemeingo Udala. «Lehenengo ondo kudeatu nahi ditugu aurten martxan jarri direnak», adierazi du Joseba Iraolagoitia Ingurumen zinegotziak. «Oraingo horiek ondo antolatzen direnean, ortu gehiago sortu ahal izango dira», azaldu du. «Oraindino ez dakigu data zehatzik, baina oraingoek ondo funtzionatuz gero, hurrengo urterako aztertuko dugu berriak egitea», gaineratu du.

Ortuak egiteko ideia iazko urtean onartu zuen Markina-Xemeingo Ingurumen Batzordeak. Orduan, batzordeko kideek beste herri batzuetako esperientziak ikusteari ekin zieten: Zarauzko, Gasteizko eta Iurretako esperientziak ezagutu zituzten.
Haiek ezagututa, iazko urri bueltan zabaldu zen izena emateko epea, eta abendura arte egon zen zabalik. 40 lagun inguruk eman zuen orduan izena, eta horrela sortu ziren ortuak.
Proiektu honegaz, beste batzuen artean, udalaren helburu nagusienak nekazaritza subiranotasunaren inguruko «kontzientzia piztea» eta «ekoizpen ekologikoa bultzatzea» dira. Horregatik, ortu publikoetan landare eta produktu ekologikoak erabili ahalko dira bakarrik.
Bestalde, erabiltzaileentzako
formaziorako eskolak be antolatu ditu ingurumen batzordeak. Denetara, hiru eskola adostu zituzten nekazal ingeneari bategaz. Momentuz eskola bi eman ditu, eta falta dena urtea amaitu orduko ematea espero dute.
Ikastaroak nekazaritza ekologikoari buruzkoak dira. «Danetik azaltzen da: produktu bakoitza noiz landatu behar den, adibidez», dio Iraolagoitiak. «Gaiari buruz asko ez dakitenek ikasteko, eta dakitenei zalantzak argitzeko izaten dira», gaineratu du.
Horretaz gain, hile bakoitzean adostutako egun batzuetan ortuetan egoten da ingenearia, ortuen jarraipena egin eta jendeari aholkuak ematen.
Herritarrek
erantzun «bikaina» eman dutela adierazi du Joseba Iraolagoitia ingurumen zinegotziak: «Oso pozik gaude proiektuak eduki duen erantzunagaz, herritarrek gogoz hartu dute, ilusioagaz gaude guztiok», dio.
Gainera, oso ezaugarri desberdineko erabiltzaileek eman dute izena ortua lortzeko: «Gazteak, erretiratuak, gizonak, emakumeak, jatorri desberdinetakoak… parte hartze zabala eta anitza egon da ortuetan», dio Iraolagoitiak. «Hori oso aberatsa da zentzu guztietan», gaineratu du. «Elkarrekin ikasi eta elkarri laguntzen diote herritarrek; hori interesgarria eta poztekoa da».
Krisi garaia izanda eta ekonomikoki inbertsioetarako garairik onenak ez izan arren, proiektua egitea posible izan du udalak, «herritarren inplikazioari esker», euren esanetan. «Herritarrek auzolanean prestatu dute lurra, hesitu dute eremua eta eraiki dituzte ortuak ureztatzeko kanalak», esan du Iraolagoitiak. «Lan horri esker, udalak 12.000 euroko inbertsioarekin egin ahal izan du proiektua», gaineratu du.
Ingurumen batzordeak nabarmendu duenez, ortuek nekazaritza ekoizpenaz gain beste helburu batzuk be lortuko dituzte: herritarren arteko harremanak sendotuko dira, eta lurrarekiko lotura indartu egingo da.
Urteak aurrera egin ahala, lehengo itxura hartzen ari da Barroeta ingurua berriro, eta herritarrak, lehengoengandik jasotako haziak berriro ereiten ari dira, elkarren artean eta elkarrentzako.