Bizkaiko Eskupelota Txapelketa martxan dago jadanik. Lehengo astean hasi zen, eta asteburuan izango dira hurrengo partiduak.
Markinako Eskupelota Taldetik zortzi bikote daude Bizkaiko txapelketa jokatzen: kadetetan bikote bat, gazteetan hiru bikote, eta nagusietan lau. “Helburua iazko txapelketaren modukoa egitea izango da”, diote eskupelota taldekoek. “Lehen mailako nagusien kasuan, dauden mailan mantentzea izango da helburua, eta beste bikoteetan, maila ona erakustea”, azaldu dute. Gazteen mailan ere, bikote bat “oso gogorra” dela esan dute, eta maila ona erakutsi nahi dutela. Besteen helburua iazko maila erakustea izango da.
Txapelketa hau “garrantzitsua” dela esan dute eskupelota taldekoek, batez ere, lehenengo lauren artean amaituz gero bikoteak Euskal Herriko ligarako sailkatzen direlako. “Hor onenak egoten dira, herrialde desberdinetako onenak”, diote. Beraz, taldearen helburua ahalik eta bikote gehien Euskal Herrikora pasatzea izango da.
Iaz kadeteak finalera pasatu ziren, gazteak final laurdenetara, eta nagusiek ere paper “ederra” egin zuten.
Bizkaiko Txapelketa aurrera doa, baina Markinako Eskupelota Taldekoentzako Herriarteko Txapelketa izaten da garrantzitsuetan: “Guretzako handiena izaten da”, diote. “Han ikusten da benetan taldea zelakoa den, ez pelotariak banaka zelakoak diren, taldea bera zelakoa den baino”, azaldu dute. Izan ere, Herriarteko txapelketa taldeka jokatzen da, maila desberdinetakoen emaitzak batera kontuan hartzen dira. Bizkaiko Txapelketan, ostera, herri desberdinetako bikote bik ere osatu dezakete bikotea, eta Herriartekoan herrika jokatu behar da.
Asteburuan Bizkaiko Txapelketako hainbat partidu jokatuko dira, tartean, Berriatuan eta Markina-Xemeinen ere bai.