Elkartasuna ekitaldietarako dialdiak, herriz herri
Berriatuan, bihar (barikua), herriraren aldeko ekimenak egingo dituzte. 17:00etan hasiko dira eta herria globo urdinekin apainduko dute. Ondoren giza katea egingo dute, herri barrutik abiatuta, herriari buelta osoa eman arte. Amaitzeko, udaletxe aurrean, ekitaldia egingo da, txalapartariek girotuta. Ostean, iluntze aldera, parrilada egingo dute eta gero ‘Ziztadak‘ dokumentalaren proiekzioa egongo da. Ondoren, ekimenak amaitu eta gero, herritar batzuk akanpada egingo dute, plazan. “Hurrengo goizera arte, hau da, zapatura arte, egongo gara akanpatuta”.
Bestalde, Aulestin, bihar (barikua), 20:00etan, manifestazioa egingo dute. Tantaz tanta euskal presoen eskubideen alde lemapean. Zapatuan, hilak 5, Bilbon egingo den manifestazio nazionalera joateko deiagaz bat egiten dute herritarrek. Manifestazioa 17:30ean hasiko da, La Casillatik. Aulestitik autobusa egongo da. Horretarako, herritarrek Ubillan izena eman beharko dute.
Ondarroan, bihar, 12:00etatik aurrera, herritarrak Alamedan batuko dira eta egun osoko elkarretaratzea egingo dute, 21:00ak arte.
Mutrikun, bihar, 19:30ean, ekitaldia (bertsoak, dantzak, txalaparta…) egingo da Goiko Plazan (Mutrikuko Bilduk, LAB eta ELA sindikatuek eta Ernai gazte antolakundeak deituta). Zapatuan, goiko biribilgunetik aterako da Bilborako autobusa, 16:00etan. Zubixa tabernan eman behar da izena.
Etxebarrian akanpada egingo dute, bihar (barikua), Plaza Barrin, 19:00etan hasita. Han erabakiko dute zer egin hurrengo orduetan.
Markina-Xemeinen ere ekimenak egingo dituzte. Horrela, bihar, barikua, 12:00etatik 12:30era, sindikatuek deitutako elkarretaratzea egingo dute, udaletxe aurrean. Arratsaldean, 17:00etatik 21:00etara, Gune Askea egingo dute, arkupeen aurrean. Zapatuan, ostera, manifestaziora joateko autobusa egongo da. Txokoan eman behar da izena, bariku eguerdia baino lehen.