Aurrera Kirol Elkarteak Kontxako estropada irabazi duten lehenengo emakume ondarrutarrak omendu nahi izan ditu: Nagore Osoro eta June Aranbarri.

Getariakoko eta Aurrerako jokalariek pasiloa egin zieten omenduei norgehiagoka hasi aurretik, Zaldupen batutako zaleen txalo artean. Eladino Gonzalez Aurrerako presidenteak oroigarri bat eta Aurrerako ohorezko bazkide txartela eman zien zelaiaren erdian. Osorok eta Aranbarrik esker onez jaso zuten omenaldia, espero ez zutela aitortuaz. «Uste izan dugu merezi zutela horrelako omenaldi bat. Horrelako lorpen batek ahalegin handia eskatzen du, eta kalera atera nahi izan dugu aitortza», esan zuen Gonzalezek.
Garaipen garrantzitsua
17:00etan hasi zen Aurrera eta Getariako aurrez aurre ipini zituen norgehiagoka. Lehenengo minutuetatik oso argi geratu zen aurtengo denboraldian taldeen artean dagoen berdintasuna.
Aurrerarenak izan ziren lehen minutuetako aukera garbienak, baina Getariako izan zen atea zulatzen lehenengoa. 23. minutua zen Zalduak bisitarien lehenengo gola egin zuenean. Kontrako markagailuagaz joan ziren aldageletara: 0-1

Hiru aldaketagaz atera zen Aurrera bigarren zatian. Partidua dominatu zuten etxekoek, eta 61. minutuan merezitako eta bilatutako gola sartu zuen Unai Nuñezek. Berea izan zen garaipenaren gola ere. Zortzi minutu eskasean norgehiagokako azken gola sartu zuen, area barruko jokaldi bati amaiera emanaz.
Aurrera liderrarengandik puntu bakar batera dago orain: zazpi puntu dauzkate Xepe Gallastegiren mutilek.