Mundu txiki bateko partaideak elkartu zituen Markina-Xemeinek zapatuan Euskal Herriko Bertso Eskolen Egunean. Jone Uriak saioan esan zuen modura,
etxe baten teilatua txapelketa bada, bertso eskolak oinarria direlako da. Eta oinarri hori sendotu zuten Markina-Xemeinen.
Aurreko egunetatik ari ziren herritarrak prestaketetan, eta horregatik, biribil-biribil atera zen eguna. «Zein polita den auzolana» zioen antolatzaile batek, denak beharrean ikusita.
Eguerdian eman zitzaien
ongietorria bertso eskoletako kideei, Uhagonen. Ordurako dena prest zegoen gaztetxean:
bazkari ederra eta giro hobeagoa.
Bazkalostean,
Mungiako bertso eskolakoek emanaldia eskaini zuten, eta amaitzean, elkarregaz joan ziren frontoiko saiora.
Arratsaldeko Txapelketa Nagusiko saioaren ostean,
poteoa abiatu zen kalerik kale Andrabanda Feministagaz.
Esketxekin eta bertso sortekin osatu zuten poteoa Markina-Xemeingo Bertso Eskolakoek.
Eta gauean, berriro ere
gaztetxera. Bete-bete egin zen Akerbeltz, eta bertso giroan murgilduta,
Bi bala taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera eduki zuten hara joan zirenek.
Ostean,
Fan & Go taldearen erromeriak dantzan jarri zituen bertsozaleak. Mundua konpontzen, arratsaldeko saioa komentatzen edota komuneko iladan puntuka, nahi baino lehenago argitu zuen egunak.
Helburua, beteta:
etxearen oinarria sendotzea lortu zuten bertso eskoletakoek, giro ezin hobean, mundu txikia handi bihurtuz.