Markina-Xemeingo pilotalekuak itxura berezia hartu zuen zapatu arratsaldean. 17:30ak erlojuan jotzekoak zirela, dagoeneko beteta zeuden frontoiko aulki guztiak. Begiak aurrera begira, baina buru asko Bilboko kaleetan zeudela hasi zen bertso saioa.
Bezperan jakin zen saioa ez zuela osatuko liburuxketan agertzen zen seikoteak: Arkaitz Estiballesek uko egin zion txapelketan parte hartzeko eskubideari, Bilbora joan ahal izateko, eta Eneko Abasolo Abarkas-ek ordezkatu zuen. Besteak Onintza Enbeita, Jone Uria, Agin Laburu, Beñat Ugartetxea eta Eneko Fernandez.
Hasierako eta amaierako agurrek argi laga zuten Bilbo eta Markina-Xemeinen arteko distantzia motzagoa izan zela zapatuan beste egunetan baino, bertsolariek gogoan eduki baitzuten han gertatzen ari zena.
Saioa ez zen bereziki momentu batean ere lehertu, baina jakin zuten bertsolariek gai bakoitzean ale ederrak uzten.
Saio biribila egin ostean, Agin Laburuk irabazi zuen, 699,5 puntugaz. Haren atzetik, Jone Uria, saio ederra eginda hau ere, 677 puntugaz. Eskailera bat gorago aritu ziren gazteenak Markina-Xemeinen. Hurrengo Onintza Enbeita, 623 puntugaz; Eneko Abasolo Abarkas 599,5gaz; Eneko Fernandez 598gaz eta Beñat Ugartetxea 577,5egaz.
Onintza Enbeita muxikarrak saio erregularra eta biribila egin zuen. Ariketek aurrera egin ahala, goraka joan zen, eta bakarkakoagaz irabazi zuen publikoa gehien. Ordura arte inork heldu ez zuen lekutik heldu zion gaiari, sinesgarritasun handiagaz. Bati baino gehiagori oilo ipurdia jarri zion egoitzan zegoen amamaren paperetik, pertsonaiaren barru-barrutik kantatu zuenean.
Seguruenik 623 puntu ez ditu nahikoa izango finalaurrekoetara pasatzeko, baina «pozik» amaitu zuen saioa, bere buruagaz «gustora».