Ekoizleak eta abeltzainak batuko dira zapatuan Urriko Azoka Nagusian
Urriko Azoka Nagusia urriaren 12an, zapatua, ospatuko dute Markina-Xemeinen. Urtero legez, baserriko produktuak erosi ahal izango dira, ganadua ikusi, edota Blonda Akitania ganaduen txapelketaz gozatu.
Azoka 10:00etan zabalduko da, eta gune desberdinak edukiko ditu 17:00ak bitartean. Alde batetik, zelaian, zuzeneko salmentarako ekoizleen 58 postu jarriko dira. Ortuariak eta fruta, gazta, ogi eta gozogintza, sagardoa eta txakolina, ahate produktuak, eztia, baserriko hanburgesak, txerrikiak, mermelada eta barazki kontserbak eta lore eta landarak egongo dira.
Horretaz gain, artisauek ere postuak jarriko dituzte zelaian, 11 postu hain zuzen. Euskal pilotak, larrua, egurra, bitxiak, harria, zestagileak… egongo dira. Baserri tresnen bederatzi saltzaileek ere parte hartuko dute azokan.
Bertoko elkarteek ere postuak jarriko dituzte Markina-Xemeinen: Izarbidean elkarteak, koroideremiak eragindakoen elkarteak, Basogintzak, MIBAk, Zabaltzen-Sartuk eta Ibilaldiak, hain zuzen.
Horiez gain, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko hitzak ere postua jarriko du aurtengo azokan, Hitzako produktuekin. Gainera, harpidetza egiteko aukera ere egongo da postuan bertan.
Lea-Artibaiko abeltzainek udaletxe atzeko aparkalekuan edukiko dute kokalekua. Behiak, zaldiak eta ardiak egongo dira, danera 29 abeltzain eta 193 buru.
Gainera, Euskadiko Blonda Akitania Txapelketa egingo da azokan. Danera 9 izango dira aurtengoan txapelketan parte hartuko duten abeltzainak, eta 100 buru ipiniko dituzte ikusgai.
Behi, zaldi eta ardiez gain, bertoko arrazetako hainbat abereren erakustaldia ere egongo da.
Aurten, berrikuntza modura, okela dastaketa egongo da zapatuan Markina-Xemeinen. Eguerdi aldera, lau arraza desberdinetako txahalen okela pintxoak egongo dira salgai, euro batean. Plater bakoitzean lau okela zati egongo dira, eta jan ostean, gustukoena zein den esan beharko dute dastaketako parte hartzaileek. Danera 150 pintxo plater jarriko dira, eta txartelak ganadu gunean egongo den postu batean erosi ahal izango dira. Dastaketa egin ahal izateko Markina-Xemeingo harategien eta Barinagako eta Amalloko elkarteen laguntza eduki dute azokako antolakuntzakoek.
Zapatuko azoka Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza sailak, BBK-Kutxabankek eta Lea-Artibaiko Udalek antolatzen dute.
Horiek eskerrak eman .nahi izan dizkiete laguntzen duten guztiei, udaletako brigadei eta herriko bolondresei, egiten duten lan handiarengatik.
Antolatzaileek Urriko Azoka Nagusira joateko gonbita luzatu diete herritar guztiei.