Hezkuntza alorreko hainbat eragilek LOMCE legearen kontrako manifestaziorako deia egin dute
urriaren 12rako, zapatua, Bilbon. 17:30ean hasiko da protesta ekitaldia Jesusen Bihotza plazatik.
LOMCE legea etzi onartuko dute Espainiako kongresuan, eta horren kontra egiteko deitu dute manifestazioa.
Eragile eta sindikatu ugarik bat egin dute protestagaz: Hik-Hasik, Ikastolen Elkarteak, EHIGEk, BIHEk, NIZEk, Sarean-ek, UEUk, ELAk, LABek, EILASek, Sortzen-Ikasbatuazek eta Ikasle Abertzaleek.
Aipatutako eragileek LOMCE legeari «kontra egin» eta «hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko» egin dute Bilbora joateko deia, Wert Espainiako hezkuntza ministroak «inposatu» nahi duen LOMCE hezkuntza erreformaren «kontra» egitera: «Erreforma zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista da, eta lege hau bertan behera uzteko exijitzen dugu», adierazi dute deitzaileek. «Inola ere ez dugu onartzen Euskal Herrian inposa dezaten», azaldu dute. Gaineratu dutenez, LOMCEk «30 urteko atzerapausoa» suposatzen du, eta herria «trantsizioaren aurreko parametroetara» eroatea dakar. «Hezkuntza publiko eta herritarraren kontrako erasoa bortitza izateaz gain, hezkuntzaren ikuspegi neoliberal eta zentralistaren inposizio garbia da», diote. «Ikuspegi guztietatik Euskal Herriaren eta euskal herritarren kontrako eraso eta inposizio berri baten aurrean gaude», gaineratu dute.
Zapatuko mobilizazioaren bidez erreformarekiko «desadostasuna» agertu eta Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroa eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskaria luzatu nahi diete deitzaileek, LOMCE legea gure herriko ikastetxeetan «inola ere ez dezaten aplikatu» eta horretarako bitarteko guztiak erabil ditzatela eskatuz. «Hezkuntza eragileok gure konpromisoa berresten dugu, LOMCE-ri aurre egin eta gure herrian aplika ez dadin estrategia komunak lantzeko», gaineratu dute.
Lea-Artibaiko ikastetxeek ere bat egin dute manifestazioarekin, eta dei egin diete ikasle, guraso, langile eta beste herritarrei Bilboko manifestazioan parte hartzera.
Ikastetxe batzuetan informazio zabalkundea egin dute kartelen bidez, eta zenbaitetan, gurasoei eskuorriak bidaliz: Etxebarriko Eskolan, Markina-Xemeingo ikastetxe bietan, Lekeitioko bietan eta Ondarroan hiru ikastetxeetan, Arrantza Eskolan eta Barnetegixe hezkuntza elkartean. Horretaz gain, herri batzuetatik autobusak ere jarri dituzte.
Beste alde batetik, zapatuan Markina-Xemeinen Urriko Azoka Nagusia ospatuko dutenez, informazioa zabalduko dutela adierazi dute eragileek.
Autobusetan izena emateko hurrengo lekuetara jo behar da:
Lekeitio: Eskola Publikoan, Iturriotz institutuan, R. M. Azkue ikastolan eta Guzurmendi tabernan.
Markina-Xemein: Bekobenta Eskola Publikoan.
Ondarroa: Zubi Zahar herri ikastolan, Zurrumurrun, Kulixkan eta Anaitasunan.