Gernikako epaitegian deklaratu beharko dute urriaren 18an, enpresako ugazabak euren kontrako salaketa ipini eta gero. Alexis Rodriguez Lopez LABeko delegatuak eta David Gonzalez Tello LABeko afiliatuak inputatu moduan deklaratu beharko dute, eta Jobi Alkorta LABeko metalgintzako arduradunak testigu moduan, «askatasunaren kontrako delitua eta ondarearen eta orden sozioekonomikoaren kontrako delituak» egotzita.
Instrukzio fasea izanik, deklarazioak hartu eta gero, epaileak erabakiko du salaketagaz aurrera egin ala ez. «Ez dakigu epaiketara joango den, baina salaketa ikusita, aurrera jarrai dezakeela pentzatzen dugu», azaldu du Alkortak.
Egoera horren aurrean, LABek elkarretaratzea deitu du urriaren 18rako, Gernikako epaitegiaren aurrean, TMAko langileekin batera. 09:00etatik 12:00etara bitartean egingo dute protesta.
Salaketa gehiago
LABek jakitera eman duenez, ez da hori TMA enpresako nagusiak ipini duen salaketa bakarra: «Jabeak, itxura denez, beharginen kontrako salaketa gehiago ipini ditu. Ez dakigu zenbat dauden ipinita, baina bost edo sei izan daitezkeela uste dugu», esan du.
Sindikatuak gogor kritikatu du ugazabaren jarrera.
«Langileek euren eskubideak eskatu baino ez dituzte egin, eta hori egiteagatik epaiketara ahal dira joan. Ugazabari dauzkan zorrak ordaintzeko exijitzeagatik jendea epaitegitik pasatu beharko da. Astakeria da».