Naturak emandakoa, naturara
Udan bete-betean sartuta ipini zuten martxan herriko lehenengo konposta gunea, Ibaiondon: inguruko hogei familia ari dira ongarria lortzeko lanean: hiru-lau hilabete barru prest egongo da lehenengo konposta. Uda bete-betean, uztailaren amaieran ipini zuen martxan Ondarroako Udaleko Ingurumen Batzordeak auzokonposta. Lehen gunea: Ibaiondo. Harrez gero, hogei familia ari dira bertan lanean, bi ontzitan banatuta: hamar familia batean eta hamar bestean. «Lehen ontziak ia-ia bete dituzte, eta betetzen direnean egonean lagako dituzte, konposta heltzen», azaldu du Ibai Muñiz ingurumen batzordeko kideak. Hori eginda, hiru-lau hilabete barru prest egongo da lehenengo konposta, eta epe motzean bigarrenagaz hasiko dira. Edozelan ere, lehen bi hileak «ondo» joan dira. Orain dela aste bi teknikari batzuk joan ziren tenperatura hartzera, eta bi ontziek 50 gradutik gora zeuzkaten, «prozesua ondo doan seinale». Izan ere, konposta sikuegi edo hezeegi ez egotea kontrolatu behar izaten da, eta hasierako hilabeteetan horri neurria harten dabiltza erabiltzaileak, ikasten. «Sikuegi egonez gero materia lehor gutxiago –birrindutako egurra, hosto lehorrak– bota behar da ontzira; bustiegi egonez gero, materia lehor gehiago. Azkanean, hori baino ez da konposta: material lehorra eta material hezea –barazkiak, frutak, arraina, fruitu lehorren oskolak…– nahastuta sortzen den prozesua. «Organismo txikiak deskonposatzen joaten dira, ongarria sortzen». Eta behin ongarria lortuta, herritarrek erabili ahal izango dute, euren landareentzat. Bestela, udalak erabiliko du: zabortegi izandako herriko lur degradatuak hobeteko edota lore-baratzetako lurra aberasteko. Artibai kalean, bigarren gunea Lehenegoa martxan eta bigarren bat muntatzen. Artibai kaleko berdegunean, Mamu tabernaren aurrean hasiko dira laster konpostarako gunea prestatzen. Irailerako erabiltzeko moduan egon behar zen, baina Kosta Zuzendaritzaren baimenak tarteko, atzerapen pixka bategaz hasiko da martxan. Hirugarren talde horretan hamar bat familiak egingo dute konposta Eta abiatutako egitasmoa ez da hor amaituko: urte amaierarako horrelako gune gehiago ipintzeko asmoa dauka udalak. Hori ez eze, zamar ontziak ere egokitu egingo dituzte Itsasaurren eta Kamiñazpiko parkean, zamar gutxiago sortzeko helburuagaz.
Txaro Etxaburu Solabarrieta (konposta egiten duen herritarra)
«Kontainerretako usaina ez dudalako jasaten animatu naiz konposta egitera»
Konposta egiteari alde onak baino ez dizkio topatzen Txaro Etxaburu Solabarrietak (Ondarroa, 1943). Mundu guztia animatzen du konposta egitera, batez ere gazteak. Kontainerrera beharrean ongarriak konpostagailura botata, kaleko usain txar askogaz amaituko litzatekeela dio. Zer bota daiteke konpostagailura? Patata azalak, fruta azalak, egindako janaria, arraina, okela, oskolak… Jateko hondakin guztiak. Hasieran, hilabete eta erdi pasatu arte, ezin izan genuen arrainik bota, ura egiten duelako. Ilea ere bota daiteke, animaliena eta pertsonena. Ezin daiteke bota tindatuta dagoen ezer. Tea hartzen duzu, eta te poltsa bera bota dezakezu, baina ez berak edukitzen duen papertxoa, tinta daukalako. Eta sukaldeko papera? Bai, hori bota daiteke. Baldaren azpian papertxo bat ipintzen duzu, eta jatekoa gainera botatzen duzu. Baina aldizkari, egunkari… halakorik ezin da bota. Erraz-erraza da egitea, ez dauka beste misteriorik. Nahi duzunean ekar ditzakezu zure soberakinak konposta gunera? Bakoitzak geure giltza daukagu, eta bai, nahi dugunean ekartzen dugu. Ez dauka ordurik. Eguerdian ekartzen dut nik normalean. Gunean usain txarra egongo zela uste zuten batzuek, baina ez dago. Ez, ez dago usainik. Kontainerretako zamarrek bai, haiek usain eskasa botatzen dute, eta hamen ez dago horrelakorik. Kontainerretako usaina ez nuelako jasaten animatu naiz ni konposta egitera. Eta etxean ere ez dago eulirik, ez dago zikinik. Zu pozik zaude? Bai, ni oso pozik nago. Ondarroa guztiari eta Euskal Herri guztiari esaten diot animatzeko. Lehengotik deitu nuen udaletxera izena emateko. Ahal izan nuen batzar guztietan egon nintzen. Azalpenak eman zizkiguten, eta argi neukan egingo nuela. Gazteak animatu egin behar dira egitera. Eta ontziak betetzen direnean zer? Behar dugun ongarria hartuko dugu guk, eta jendeari ere emango diote ongarri modura. Gero, asko egiten bada, udalak erabakiko du zertarako erabili.

