«Eguneko zentroa azaroaren 4an irekiko da». Horixe ziurtatu dio Ondarroako Udalari Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunak. Murillok esan duenez, aldundiak «hitzez hitz» beteko du egitasmoaren hasieran esandakoa.
Irekiera dataren inguruan sortu diren dudak argituta, udal gizarte zerbitzuetan eguneko zentroa erabiltzeko eskaera eginda daukatenekin hasiko da lanean Ondarroako Udala. «Gero, premien arabera joango dira lekuak betetzen», esan du Rakel Elu gizarte Ongizate zerbitzuetako arduradunak.
Hori ez eze,
eguneko zentroan lekua eskatuta daukaten erabiltzaileei eraikina erakutsi nahi die udalak irekiera egunaren aurretik, eta Bizkaiko Foru Aldundira bideratu dute eskaria: familiekin adostuta, barikuan, urriak 18, eguneko zentroa bisitatzeko eskaera egin du udalak. «Erantzunaren zain gaude».
Bizkaiko Foru Aldundiak esan duenez, menpekotasuna daukaten ondarrutarrek edukiko dute eguneko zentroa erabiltzeko lehentasuna, eta eskari nahikorik ez balego, eskualdeko herrietara zabalduko da erabiltzeko aukera: Berriatura, Munitibarrera, Etxebarrira, Ziortza-Bolibarrera, Aulestira eta Mendexara, besteak beste.
Foru aldundia eraikinaren kudeaketa eta mantenu lanak esleitzeko azken izapide administratiboak ari da egiten. «Oraindik ez digute esan zeinek eroango duen eraikina. Laster esango digutela esan digute», azaldu du Eluk.
Azken ikutuak dabiltza emoten egunotan Maskulo Etxean
Urtebeteko esleipena
Aldundiak zerbitzua urte beterako esleituko du hasiera batean. Dena dela, nahikoa eskari egonez gero, beste urte betez luzatu ahalko du esleipena. Leku bakoitzarengatik 50 euro (BEZ barik) eskaini ahalko dute okupatze egun bakoitzeko interesatuta dauden enpresek. Zenbateko hori urtero aztertuko du foru aldundiak. Erabiltzaileek, bestalde, esleipendun enpresari egingo diote diru ekarpena. Beti ere, foru aldundiko gizarte ekintza sailak zehaztuko du ordainketa zenbatekoa izan behar den.
Eguneko zentroak 25 lagunentzako lekua edukiko badu ere, irekitzen denean bost leku baino ez ditu beteko aldundiak. Gainerakoak Azpiegiturak-en eskakizunen arabera joango dira betetzen, hasiera batean, bosnaka. Edozelan ere, premien arabera hartuko dira erabakiak.
Ondarroako Udalak egindako aurreikuspenen arabera, herrian zerbitzu horren beharra duten familia asko daude. Udalak egindako lehen inkesten arabera, hamazazpi familiak zeukaten premia.
Astelehenetik barikura bitartean, 09:30etik 17:30era arteko zerbitzua eskainiko du eguneko zentroak, bazkaria barne, eta etxe sarreratik zentroraino eroango dira erabiltzaileak goizean, eta etxeko atariraino arratsaldean, menpekotasuna daukaten nagusiek eta haien senideek ahalik eta autonomia maila eta bizi kalitate hoberena» edukitzeko helburuagaz.
Egunekoa zentroa 2012. urteko urrian zen irekitzekoa.