Lekeitioko gazte gunean mugimendua dabil aspaldian: bapore baten modura, aurrerantz mugitzen hasi da, palpalian. Herritar talde batek gazte gunea trantsizio garaian ipini du, eta irailetik maiatzeraino, gazte guneko erabiltzaileen beharrizanak identifikatu nahi dituzte.
Prozesuaren horren bidez
beharrizanak identifikatu ostean, emaitzak udalari aurkeztuko dizkiote maiatzean, eta lan hori abiapuntutzat hartuta, gazte gunearen
funtzionamendu berria definituko dute.
Urteetako kudeaketa
Orain dela urte batzuk, udalak lehiaketa bat egin zuen gazte gunearen kudeaketa esleitzeko. 2009tik, kudeaketa hori Suspergintzaren eskuetan egon da.
Lekeitioko gazte gunea kudeatzeko proiektu bat aurkeztu du herritar talde batek; urte betean herritarrekin beharrak identifikatu, eta ondorioekin, gazte gunean egon behar den zerbitzua definituko dute.
Suspergintzak hiru zerbitzu zeuzkan martxan: ludoteka zerbitzua 3 urtetik 8 urtera bitarteko umeentzako, kide gunea 8 urtetik 12 urtekoentzako, eta gazte gunea 12ik 18rakoentzako. Azken horretan, gehien bat, asteburuetako ekintzak egiten ziren. Gazte bulegoa ere bazegoen, gazteei informazioa ematearen arduragaz.Suspergintzaren kontratua 158.000 eurokoa zen. Kosu handiarengatik, apirilean udalak kontratua ez berritzea erabaki zuen, eta ekainean, beste lehiaketa bat egitea aurreikusi zuen.
Herritar talde bat, kezkatuta
Udalak kontratua eten zuenean, herritar talde bat kezkatuta azaldu zen gazte gunearen egoeragaz. «Eraikin hau ezin zen enpresa baten eskuetan geratu», diote proiektuaren bultzatzaileek. «Etxe honegaz zer egin herritarrok erabaki behar dugu, eta prozesu bat beharrezkoa da».
Horrela, herritar talde horrek proiektu bat aurkeztu zion udalari. «Urtebeteko trantsizioa eskatu genion udalari, zerbitzu minimoak mantendu, eta herritarrekin gazte gunearen beharrizanak identifikatzeko proiektua egiteko», azaldu dute.
«Prozesua geureak diren baliabideak geure eskura edukitzeko egin nahi dugu», diote. «Kasu honetan zehazki, haur eta gazteei zuzendutako zerbitzuen kudeaketarena», diote. «Emaitzen arabera erabakiko da zer zerbitzu behar diren eta zeintzuk ez».
Orduan, ekainean egitekoa zen lehiaketa bertan behera laga zuen udalak, eta herritar taldearen esku laga proiektua.
Proiektu horri jarri diote Palpalian izena: denak batera joango direlako palpalian, azken porturaino. «Lekeition palpalian deitzen zaio bapora itsasoan trankil-trankil joaten denean, mantso doanean: maiatzera arte bapore berean joango gara, diagnostikoa egin, eztabaidatu, eta beharrizanak zehazten», diote.
Herritarrak protagonista
Palpalian proiektua irailetik maiatzeraino egingo dute, eta
protagonistak herritarrak eurak izango dira: ikastetxeak, gurasoak, herriko eragileak, eta zelan ez, ume eta gazteak. Eurak dira subjektuak eta hartzaileak, protagonistak. Horrela, parte hartzaile horiekin abiatuko da bapora, maiatzeko azken porturaino.
Bide horretan
hiru fase edukiko ditu proiektuak. Lehenengoan, diagnostikoa osatuko da. Horretarako herriko eragile, ikastetxe, guraso, gazte, lonja… hainbat protagonistengana joko da, eta haiek esaten dutena jasoko da.
Proiektuak hiru fase edukiko ditu; lehenengoan diagnostikoa egingo dute, bigarren fasean jasotakoa bateratu, eta hirugarrenean proposamena mahairatuko dute
Bigarren fasean diagnostiko hori bateratuko egingo da: ordura arte jasotakoa elkarbanatu, eta diagnostiko bateratu bat denen artean adostuz.
Hirugarren fasean gazte guneari buruzko proposamena egingo da. Hori izango da hurrengo urteetako oinarri moduan erabiltzeko maiatzean udalari aurkeztuko zaiona proposamena.
Langileak eta boluntarioak
Azken urteetan langile batzuk egon dira gazte guneko zerbitzuetan beharrean, begiraleak. Euren esanetan, orain arteko enpresak «ez die erraztasunik eman» beste inora joateko, eta «pozgarria» izan da herritar taldearen proposamena. «Helburua hemen geundenokin proiektua aurrera eroatea zela esan ziguten», diote.
Orain arteko iritziak «derrigorrez» jaso behar zituztela diote proiektuaren bultzatzaileek, eta zati handi bat orain arteko langileek eurek daukatela. «Prozesu parte hartzaile batean ezinbestean langileak egon behar ziren».
Beraz, langile berdinekin zerbitzu minimoak eskaintzen dira orain, eta era berean, eurak ere prozesu parte hartzaileko subjetu aktiboak dira. Bost langile daude: ludotekako biak, kide guneko biak, eta koordinatzaile bat.
Langileez gain, ekimena herritarra denez
bada borondatez beharrean dabilenik ere. Eta aurrerantzean, proiektuan sinistu eta ekarpena egin nahi dutenentzako deialdia ere egingo dute.
Bestetik, Palpalian proiektua aurrera daroatenek parte hartze prozesuetako formakuntza jaso zuten. Horretaz gain, aholkularitza zerbitzua beharrezkoa zela ikusten zuten, eta Urtxintxa eskola ari da horretan.
Konpromiso eskaera
Maiatzerarteko bidaiaren ostean, proiektuaren bultzatzaileek udalari «konpromisoa» eskatu diete. «Behin herritarrok erabakitzen dugunean gure beharrizanak zeintzuk diren eta proposamena aurkeztean, udalak aurrerantzean hori egitea bermatu behar duela uste dugu», esan dute.
«Kudeaketa enpresa bati eman nahi badiote ere, proiektu honetako oinarriak errespetatuz egitea eskatu nahi dugu», gaineratu dute.
Horrela, herritarrek nahi duten erako gazte gunea edukitzea lortuko dute: lekeitiarrez beteta Lekeitioko portutik atera eta Lekeitioko portura Palpalian helduko den bapora.