Bizitza osoa daroa
Roberto Lekue Arakistainek (Ondarroa, 1948) pelotari lotuta. Orain dela
hamabost urtetik hona Espainiako hautatzailea da: urrea irabazita bueltatu da oraintsu Mexikotik.
Zesta-puntako Munduko Kopa jokatu da Mexico DFn. Zelakoa izan da esperientzia?
Frantziako, Espainiako, Mexikoko eta Kubako selekzioak egon gara jokatzen, eta Espainiako selekzioak irabazi egin du, absolutuen mailan. Nagusiak, baina, gazteak izan dira, 22 eta 18 urtekoak.
Zeintzuk?
Gernikar bi joan dira: Xabier Barandika eta Unai Lekerika, Gernikako zesta-punta eskolakoak. Zorte pixka bat ere eduki dugu. Finala Mexikoren kontra jokatu genuen, eta 1-0ko aldeko markagailuagaz gindoazela, aurkari batek min hartu zuen. Eskumako besoko tendoia apurtu zitzaion.
1-0 eta finala irabazi?
Irabazi egingo genuen bestela ere. Inclan eta Arriola ziren mexikarrak. Arriolaren aita eta ama markinarrak dira. Euren ordezkaria Ituarte zen. Aita San Jeronimokoa da.
Beste selekzioetan euskaldunak edo euskaldun jatorrikoak asko izaten dira?
Bai, Kuban bertakoak ziren, baina, bestela bai, asko eta asko euskaldunak edo jatorri euskaldunekoak izaten dira. Normalean, Kubako selekziokoak izan ezik, Euskal Herrian ibiltzen diren mutilak izaten dira.
Hautaketa egitea ez da erraza izango zuretzat.
Lehenengo zortzi pelotari aukeratzen ditut, eta horietatik lau edo hiru joaten dira gero txapelketara. Aurten, diru kontuagatik hiru joan dira. Txapelketarako bi hilabete geratzen direnean, lau baztertu behar izaten dira. Hori da txarrena. Antxon Alberti izan zen baztertuetako bat: neure semea modukoa da, neure mutila. Bera geratu zen kanpoan, ez jokoagatik. Espainiako selekziotik ziria sartu zidaten, lehen ere Munduko Txapelketa jokatuta zegoela esanaz. Azkenean erabakia neurea izan zen, baina ez zidaten utzi neuk nahi nuena egiten. Espainiako hautatzaile postua lagatzea pentsatzen nago horregatik.
Amore ematekotan zaude, orduan?
Niri neure beharra egiten ez badidate lagatzen, ez dut jarraitu nahi. Orain arte, neuk nahi nuena egin izan dut. Gainera, profesionalak nahi dituzte sartu, eta ni ez nago horregaz ados.
Zergatik?
Urrezko medaila irabazi nahi dutelako.
Baina afizionatuekin jokatuta urrea irabazi duzue.
Bai. Hori diot nik. Zergatik behar dituzte profesionalak hiru urtean Munduko Txapelketa irabazi badugu. Datorren urtean Munduko Txapelketa Absolutua jokatuko da, eskuz, trinketean, zestaz… Profesionalak izandakoekin joan nahi dute horra. Niri ez zait hori gustatzen. Irabazi nahi dute egin denaren gainetik. Datorren urtean, beharbada, mexikarrak hobeto prestatuta egongo dira, baina nik hori ez dut ikusten.
Afizionatuek ondo egingo dutela uste duzu?
Nik uste dut joan garenekin eta beste bi-hiru eroanda, irabazi egin genezakeela. Bigarren postua eskuratuko genuke gutxienez. Ni ez naute bota nahi, baina neuk irten beharko dut ados jartzen ez bagara. Bi hilabete barru gertatzen denaren arabera, jarraitu egingo dut ala utzi egingo dut. Nahi dudana ezin badut egin, egin dezatela eurek selekzioa. Hori bai, datorren urtean postuan jarraitzen badut, Antxon nirekin eroango dut. Hori janda eduki. Izugarrizko pena eman zidan ez eroateak. Negar-eta dena egin nuen. Sekula ez diot esan inori ez doala aurrez aurre, baina Antxoni bai, eta txarto pasatu nuen, eta berak ere bai.
Mutrikuko eta Markina-Xemeingo eskolekin zelakoa da harremana?
Lehen baino askoz hartu-eman handiagoa daukagu. Aurten, esate baterako, Zoco txapelketa antolatu dugu. Berriatuan, Markina-Xemeinen, Gernika-Lumon eta Mutrikun jokatu da. Markinan Gorka sartu denetik biok hasi gara harremana edukitzen. Ezagunak ginen aurretik, eta orain ez daukagu «lehiarik». Orain aldaketak egiten ditugu: markinarrek Berriatuan jokatzen dute, eta berriatuarrek Markinan. Zestaren alde zeozer ari gara egiten.
Lehen zergatik zegoen, ba, «lehia»?
Lehen Berriatuak irabazten zuen beti, eta lehia zegoen geure artean. Orain ez da halakorik gertatzen. Hiriburua Markina-Xemein da. Jende gehiago dauka, gazte gehiago, herri handiagoa da, eta jende gehiagorengana ahal da ailegatu. Eskupelota ere badago bertan.
Mutrikugaz zelan?
Ondo. Goxarrigaz ni ondo konpontzen naiz.
Zestaren egoerak asko egin du gainbehera.
Zestaren ezelako propagandarik ez da egiten. Dirurik ez dago. Euskal federazioak eskupelotarentzat ematen du guztia. Bilbon izugarrizko frontoia egin dute, eta bakarrik eskupelotarako dago prestatuta: ez dago ez zestarako ez palarako prestatuta.
Berriatuko frontoia ere guztiz berrituta dago.
Uztailetik dago berrituta. Oso ondo geratu da, polit-polita dago. Biziago ateratzen da pelota frontisetik, arinago.
Ondarroan frontoi bat egotea inportantea litzateke?
Frontoia balego, jende gehiago ibiliko litzateke bai zestan, bai pelotan, bai palan. Frontoia ez da bakarrik pelotan jokatzeko. Gauza askotarako balio du. Ondarroan ez dago antzerkiak egiteko lekurik. Horretarako ere balio du. Pentsa zenbat gauza egiten ditugun Berriatuko eta Markina-Xemeingo frontoian. Zaldupen zen egitekoa frontoia, eta han eskolak egin zituzten. Ondo eginda daude eskolak, baina ez zen eskolak egiteko lekua. Kirol gunea izateko zen.
Eta egingo dutela uste duzu?
Ez dakit. Palan ibiltzera jendea Berriatura, Amorotora, Mendexara eta Gizaburuagara joaten da. Hiru-lau ondarrutar dabiltza oraindik zestan Berriatuan, eta beste zortzi batek laga egin dute. Ez dago aparte, baina astuna egiten da bueltaka ibiltzeko.
Azpiegiturak herri guztietan egotea ez dela beharrezkoa dioenik ere badago.
Hori esaten dutenak ez dira eurak joaten. Ez dakite zer den beste herri batera joatea. Frontoi bat balego Ondarroan, jendea ez litzateke beste herrietara joango. Umeek eskuz, zestaz edo palaz jokatuko lukete, edo futbiton. Edonon dago frontoi bat. Penagarria da ez egotea. Arazo handia da frontoiarena Ondarroan.
Berriatuak zer eman dizu zuri?
Nik Berriatuan lagun asko egin ditut, asko eta handiak. Garrantzitsua da hori.
Zesta pasioz bizi duzu.
Bai, baina hotzitu egiten zara. Ikusten duzu gero eta txarrago doala. Udan profesionalen partidarik ere ez da egon; Gernikako jaietan egon da, hiru-lau egunetan. ETB1ek hemerotekako irudiak ematen ditu, baina gaur egungoak falta dira. Eta nire moduan, jende asko dago. Urte asko daramatzat honetan: 20 urte egin behar ditut Berriatuan hilabete honetan.
Gogoan duzu zein egunetan hasi zinen?
Martitzen batean hasi nintzen, 1993ko urriko azkenengo asteko martitzenean, 20:00etan. Arduradun modura hasi nintzen. Aurretik beste entrenatzaile bat egon zen, baina hura erretiratu egin zen. Tartean, Juan Arriola Astubitze egon zen entrenatzen, ardura nik hartu arte.
Neskak falta dira zesta-puntan…
Badabil bat orain. 8 urteko neskatxa bat, Nahia. Aurretik beste bi entrenatu izan ditut: Esti Arriola eta Antxonen izeko bat. Arriola fenomeno bat zen. Bere sasoian anaiari irabazten zion. Oso ondo moldatzen zen. Palan ere ondo egiten du hark. Joan den hamabost urtetik hasi dira neskak etortzen, baina segituan laga egiten dute.
Poz handiena emon dizun lorpenik aukeratzekotan, zein?
Gehien-gehien Berriatuak hamar urtean jarraian Herriarteko Txapelketa irabazteak poztu nau. Lehenengo hamar urteetan irabazi genuen. Mundu mailako Txapelketa irabazteak ere poza eman zidan, baina etxekoa neure mutilekin irabazteak gehiago. Espainiaren izena Espainiakoa da, ez da gurea. Pelotari zerbait emotearren joaten gara, bestela ez da ezer entzuten. Nazioarte mailan zer edo zer nahi baduzu, joan egin behar zara. Hortxe gaude izorratuta.