TMAko eta LASERLANeko langileak Gernika-Lumoko epaitegiaren aurrean
TMA (Talleres Mecanicos Arakistain) eta LASERLAN enpresetako beharginek Gernika-Lumoko epaitegian deklaratu behar izan dute gaur, duela zortzi hilabete hasitako aferaren harira. Hain zuzen, Etxebarriako bi enpresetako langileak sei hilabete daramatzate soldata kobratu barik, azken zazpi hilabeteetan hainbat protesta eginez. Patxi Arakistain eta Rafael Zabala enpresa jabeek, baina, entzungor jokatzen ari direla deritzote langileek. Beharginen protestei jaramon egin beharrean, zenbait langileri salaketa jarri diete enpresa arduradunek.
Zentzu horretan, gaur Alexis Rodriguezek (LABeko delegatua TMAn), David Gonzalez (LABeko afiliatuak) eta Jon Iñaki Alkortak (Busturialdeko eta Lea Artibaiko metalgintza sektreko arduraduna) deklaratu behar izan dute.
Guztira, bost lagun inputatu ditu epaileak. Inputatu kopuruak, baina, gora egin dezakela salatu dute langileek. Jakinarazi dutenez, “guk dakigula, ugazabek gutxienez bost salaketa jarri dizkigute”. Hilaren 15ean, gainera, Rafael Zabala LASERLANeko jabeak deklaratu zuen, eta enpresako zenbait langile eta LABeko zenbait kide aipatu zituen. Hala, baliteke horiek ere deklaratzera deitzea.
Rodriguez TMA enpresako LABeko delegatuak azaldu duenez, “langileok ez dugu deliturik egin”. Hala, epaiketa iruzur handi bat dela salatu du. Haren berbetan, “langileen eskubideen aldeko aldarrikapen bat baino ez dugu egin, eta ez dugu epailearen jarrera ulertzen”.
Epaiketa langileen kontrako eraso argi bat. Soladata kobratu barik daudela salatzeagatik daude inputatuta beharginak”
Beharginen helburu bakarra, enpresak zor dituen soldatak ordaintzea da. Horregatik, enpresariak grebarako eta protestarako eskubidea urratzen ari direla deritzote langileek. “Denbora asko daramagu protesta egiten, eta, aurrerantzean ere, hala jarraitzeko asmoa daukagu”.
Alkorta LABeko kideak ere, gogor kritikatu du enpresarien jarrera. Harentzat ere, epaiketa “langileen kontrako eraso argi bat” da, bidezko eskariak egiten ari baitira. Hala, legea urratzen ari direnak Arakistain eta Zabala direla deritzo. Sindikatu abertzaleko ordezkariaren berbetan, langileen egoera oso txarra da, baina ez da neurririk hartzen. “Sei hilabete daramatzate kobratu barik, eta, ziurrenik, lanpostua galduko dute nominen arazoa konpondu barik”.
Elkarretaratzea Gernika-Lumoko epaitegiaren aurrean
Etxebarriako enpresetako langileen egoera salatze aldera, beharginek protesta elkarretaratze bat egin dute gaur, Gernika-Lumoko epaitegiaren aurrean. Epaileak elkarretaratzea debekatzeko mehatxua egin zuen, baina azkenean ez da horrelakorik gertatu. 09:300etik 12:00era epaitegiaren aurrean batu dira langileak.
Rafa eta Patxi utzi langileek salatzeari, eta ordaindu soldatak lemapean elkaru dira.