Mutrikun egindako elkarretaratzea
Estrasburgok 197/2006 doktrina bertan behera utzi ostean, orain Espainiako epaitegiei dagokie epaiak beste preso batzuei nola eragiten dien erabakitzea. Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoa gaur bildu da ezohiko bilera batean, Ines Del Rioren kasua aztertzeko.
Fiskaltza Del Rio aske uztearen alde agertu da, eta Zigor Aretoko hamazazpi epaileek aho batez hartu dute Tafallako presoa aste uzteko erabakia. Barikuan, aldiz, ohiko bilera egingo dute epaileek, eta atzoko erabakiarekin aske geratu behar duten beste presoen kasuak aztertzen hasi beharko dute. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak banan-banan aztertuko du
Parot doktrina deritzona ezarria duten gainontzeko presoen egoera, tartean, Isidro Garalde
Mamarru ondarrutarrarena. Auzitegi Nazionalak aurreratu du kasuz kasu aztertuko duela bakoitzaren egoera, alegia, ez dituela ofizioz aske utziko eta preso bakoitzaren eskaera jaso zain egongo dela.
Estrasburgok ezarritako jurisprudentzia bete beharrekoa da Espainiarentzat, eta hala egin ezean, zigortzeko ahalmena du Estrasburgok. Atzoko agerraldian, sententziak Ines del Riori eragiten diola esan zuen Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak, ez gainerakoei, helegitea berea zelako. “Auzitegi Nazionalak eta probintzialek erabakiko dute eskaera hipotetiko baina aurreikusitakoen kasuen inguruan zer egin. Kasuz kasu erabaki beharko da. Indibidualizatu egin behar da”. Baina Del Rioren abokatuek azaldu dutenez, Tafallako presoaz gain, aske utzi behar dituzte beste 59 lagun ere, “arau demokratikoak errespetatzen badituzte”.
Amaia Izko abokatuaren esanetan, “zuzenbide parametro guztietatik kanpo” legoke Espainiak preso horiek guztiak ez askatzea. “Zigorra luzatu zaie.
Ez dago aztertu beharrik beren egoera, baizik eta euren oinarrizko eskubideak aitortu, batik bat, askatasunerako eskubidea”. Izkoren iritziz, “demokraziaren eta legearen kontra” egingo luke Espainiak espetxean mantenduz. Esan duenez, “ez dugu irudikatzen hori gertatuko denik”.
Mamarruren arreba Antigua Garaldek dio “pozez” hartu dutela Europako erabakia. “Albiste oso ona da, baina hau lehen pausoa baino ez da”. Hankak lurrean eta burua argi mantendu behar dituztela dio. Izan ere, haren ustetan, Espainiako Gobernuak ahal denik eta gehien luzatuko du presoen kaleratzea. “Atera egin behar dituzte, baina ez da izango egun batetik besterako kontua. Nik, gainera, ez dut uste guztiak batera aterako dituztenik, banan-banan baizik”. Epaimahaiak erabakia aho batez hartu izana oso inportantea dela ere esan du.
Doktrina ezarrita duen Lea-Artibaiko presoa:
- Isidro Garalde Bedialauneta Mamarru (Ondarroa). 1985ean espetxeratua Frantzian. 1992an Espainiara estraditatua. Irteera data: 2010eko otsailaren 2a. Doktrinarekin: 2020. Cadizen dute preso.
Agiriak: