Heldu zein gaztetxoek ibilaldiak izango dituzte aukeran domekan,
Mutrikun eta
Markina-Xemeinen.
Burumendi Mendi Elkarteak antolatuta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren
XXVII. Mendizale helduen ibilaldia burutuko da Mutriku inguruetan zehar,
Artibai Mendigoizale Taldeak, berriz, gaztetxoentzako
orientazio ibilaldia prestatu du. Egunean bertan izango dute aukera, ibilaldi batean zein bestean parte hartu nahi duten ibiltariek, izena emoteko. Horrela, 07:30ak orduko Mutrikuko Txurruka Plazara joan behar da helduen ibilaldian parte hartzeko, eta 10:30ak orduko agertu behar dute Arkupera Markina-Xemeingo orientazio ibilaldia egingo dutenek. Irteera ordua
08:00etarako ipini du Burumendi Mendi Elkarteak,
Txurruka Plazan bertan. «Helduen ibilaldia bada ere, nahi duten guztiek parte har dezake» , azaldu du Agustin Elorza Burumendiko arduradunak. Izan ere, ibilbidea erraz egitekoa da: 4 orduan egitekoa, eta malda handirik gabea. Hamaiketakoa ere egingo da, Goienetxe baserrian. «Animatu eta etorri», egin dute gonbidapena antolatzaileek. Federatuek zein federatu gabeek 5 euro ordaindu beharko dituzte. Mapa eskuan
Orientazio Ibilaldia 10:30ean hasiko da Arkupe aurretik. Irteeran bertan mapa bat banatuko zaie parte hartzaileei kontrolak non dauden aditzera ematen, eta balizko ibilbide bat proposatuko zaie. Parte hartzaileen helburua ahalik eta kontrol gehien aurkitzea izango da. «Ibilbidea nahiko motza da; Axpe, Montemar eta San Jazintotik igaroko da», aurreratu dute Artibai Mendigoizale taldekoek, eta parte hartzaileek ibilbide desberdinak izango dituztela ere zehaztu dute. «Bidean zehar aurkituko dira elkarregaz», adierazi dute. Ibilaldia 13:00etan amaituko da parte hartzaile guztiei eskainiko zaien luntxagaz.