Mikel Santiso
Ondarroako Parrokiaren eta armadoreen diru laguntzagaz sortu zen Ondarroako Arrantza Eskola 1968. urtean; kanpoko zein herriko ikasleak hartzen ditu gaur egun bere ikasgeletan, arrantza sektoreak beharrezkoa duen belaunaldi aldaketa eduki dezan.
Mikel Santiso Belaustegi (Ondarroa, 1959) da eskolako zuzendaria joan den hiru urtetik hona. 31 urte daroaz eskolan bertan, erakusten, eta estreinako da zuzendaria.
Magisteritzako ikasketak egin zituen, eta bat edo batek bere ibilbidea arrantzari lotutako zentro batean egingo zuela esan izan balio, ez zuen sinistuko. Ezustean, Lanbide Heziketako 1. maila hasi zen ematen. Heziketa zikloetan eskolak emateko pedagogiako lizentziatura atera zuen Bergaran. Gerora, Laneko Arriskuen Prebentziorako tituluak atera zituen, goi mailakoa barne. Aspaldiko urteetan, segurtasunari eta prebentzioari lotutako eskolak ematen ditu batez ere, arrantza sektorean dauden arriskuen jakitun. Erakusteaz gain, itsasoari lotutako gauza asko ere ikasi ditu ibilbide luzean.
Ondarroako Arrantza Eskolako ikasle gehienak Arabakoak, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak dira, %90-95. Ondarrutarrez gain, bermeotarrak, bilbotarrak eta getariarrak dira asko. Gehienek euren asmoak edo euren etorkizuna arrantzan ikusten dutenak, batez ere orain modan jarri diren hegaluze ontzi handietan, Indikora joaten direnetan. Bermeon, esate baterako, nahikoa arrakasta daukate. «Eta atolontzietan, itsas salbamendu eta halakoetan», gehitu du Santisok.
Kanpotik, gaur egun, ikaslegoaren %5 bat etorriko da, batez ere, portuetatik, «lanean dagoen jendea». Euren tituluak ateratzera etortzen dira, atolontzietarako eta arrantzarako, batez ere. Algeciras aldetik (Andaluzia, Espainia) eta Katalunia aldetik (Herrialde Katalanak) etorritakoak daude orain eskolan.
Generoari dagokionez, ia erabatekoa da gizonezkoen nagusitasuna. Emakume bakar bat ari da orain momentuan bertan ikasketak egiten, berriatuar bat.
Etorkizunerako erronkak
Ondarroako portuari begira, zubiko arduradunak eta makinari profesionalak sasoian aurrera doaz. «Hiru-lau urtean belaunaldi aldaketa beharko da, eta jende bat horri begira ari da ikasketak egiten». Arrantzarako prest daudenak dira horiek. «Armadore batzuekin egon gara elkarrizketatzen horri irtenbidea emoteko», azaldu du Santisok. Armadoreen eta eskolakoen kezka nagusienetakoa da hori: belaunaldi aldaketa zelan eman. «Ikasle batek eskolatik irteten duenean, alturako itsasontzi batean itsasoko egunak egin ahal izatea nahi dugu». Eurak izango dira «bihar edo etzi» ontziak gobernatuko dituztenak.
Arazoa handia da. Gaur egun, zubian zein makinan lan egiten dutenen ordezkapenak egitera erretiratuak joaten dira, altak eta bajak emanda. «Momentu bat ailegatuko da inor ezingo dela behar hori egitera joan». Gai hori aztergai hartuta, ondorengo hilabeteetan dira egitekoak bilerak Ondarroako armadoreen elkarteko kideekin, OPPAOgaz. «Ea denon artean zer edo zer egiten dugun, elkarri ahalik-eta enbarazu gutxien eginda eta ikasleek itsasora atera ahal izateko kotizatuta». Praktikarik barik, ziurtagiri akademikoa edukiko lukete ikasleek, baina ezingo liokete ontziari «despatxurik» eman.
«Gazteentzako oso esperientzia ona da hori. Gazteak beti dira bihurriak, eta adin nagusikoek eureganatu egiten dituzte gazteagoak».
Santisok azaldu duenez, arrantzan egiteko prest dagoen jende gehiena jende nagusia da, lanak gaizki irten diotenak edo bere sasoian ikasi ez zutenak eta prestakuntza hobetu nahi dutenak, neurri handi batean. «Lanbide Heziketan nik eduki nuen jende bat dago orain ikasten. Orduan eskolan geldik edukitzea kosta egiten zen, eta orain, geldik ez, liburuak irentsi egiten dituzte. Ez dute minutu bakar bat ere galtzen». Orain, lehen ez modura, «benetan ikastera» datozen ikasleak dira horiek. Onura asko dakartza horrek beragaz. «Gazteentzako oso esperientzia ona da hori. Gazteak beti dira bihurriak, eta adin nagusikoek eureganatu egiten dituzte gazteagoak».
Eutsi dezakeen sektorea
Arrantza Eskolak etorkizuna izan nahi badu, arrantza sektoreak gora egin behar du, ezinbestean. «Uste dugu dauden itsasontziek eutsiko dutela. Erraza da esatea, baina danok gabiltza ea jendea animatzen den, Euskal Gobernua ere bai, diru laguntzen bitartez eta, jende gaztea animatu dadin bizimodua itsasotik ateratzeko».
Sektorearen biziraupena, beti ere, lehen baino baldintza hobeagoei lotuta ulertu behar dela dio Santisok. Izan ere, itsasontziak eta haien teknologia hobeak dira.
«Lehen geneukan ontziteria ez dut uste gehiago ikusiko dugunik, baina hortik-eta desagertzera ere ez dut uste ailegatuko denik». Ondarroan arrantza sektore garrantzitsuenetakoa izanda, zer edo zelan «saltzen jakin behar» dela nabarmendu du. Horri lotuta, esan du, nahiz eta baxuran itsasontzi askorik ez egon, kofradia bat, portu bat eta arrain guztia ateratzen duten komertzializadoreak badaudela, horren daukan garrantziagaz. «Gauza asko daude hor, eta denon artean egin genezake zerbait. Kosta egingo da, baina badago irtenbidea. Sektoreak eutsi dezake».
Horretarako prestatuko dute jendea Ondarroako Arrantza Eskolan, sektoreak profesionalak izan ditzan. Helburu horregaz ari dira baita ere lanean Bermeoko eta Pasaiko arrantza eskolak, beti ere elkarren berri izanda, eta elkarregaz harremanetan.