BaiTxo euskara elkarteko kideak pozik daude zapatuan herri lasterketak izandako erantzunarekin. Herriko ikastetxeek, aisialdi taldeak, bertso eskolak, antzerki taldeak, Kalaputxik, eta beste askok eta askok parte hartu nahi izan zuten zapatuan Kontseiluaren ekimenez antolatutako lasterketan.
“Oso balorazio ona egiten dugu”, esan dute antolatzaileek. 12:00etan hasi eta 14:00ak ingurura arte egin zuten aldarria mutrikuarrek, kamisetak soinean. Kalejira alaian, ondo baino hobeto pasatzeko aukera izan zuten gazte zein nagusiek.
“Jendea gustura geratu zela uste dugu, eta horrek asko balio du”, esan dute BaiTxoko kideek.
Beheko Plazan amaitu zen ekitaldi jendetsua. Garoa Arizmendik bi abesti kantatu zituen. Eta hari segika, Mutrikuko Bertso Eskolakoak bertso musikatuen inguruan bildu ziren, bateko eta besteko mozorroak jantzita: euskararen inguruan sortzen diren hainbat egoera azaleratu zituzten, parodia itxuran. Zozketen txanda ailegatuta, sari guztiak banatu zituzten parte hartzaileen artean. Kontseiluak emandako sariak izan ziren. Eta amaieran, ezin geratu ekitaldian parte hartu zuten guztiei eskerrak eman gabe.
Taldekide izateko deiaElkarte sortu berria da BaiTxo. Lehen urratsak eman baino ez ditu egin, eta
hemendik aurrera euskararen aldeko urrats askoz gehiago eman nahi ditu. “Aurrera begira ere egongo da zer egin euskaraz bizi gaitezen”, nabarmendu dute kideek. Hori horrela, herritar guztiei dei egin diete elkartean parte har dezaten.
“Ateak zabalik dauzkagu, gutariko batengana etortzea baino ez dago taldean aritzeko”.
Argazki galeria [nggallery ID=92]