Aurtengo denboraldiaren hasierako argazkia
Uda lasai pasatu ostean, ikasturte berriagaz batera martxan dago Lekeitioko Marierrota Boleibol Taldea. Santi Brouard kiroldegian elkartzen dira entrenatzeko, eta barikua heltzean asteko partidak jokatzen dituzte beste talde batzuen kontra. Guztira, 54 jokalari eta bost entrenatzailek osatuko dute aurten Marierrota familia, eta denboraldi berrirako «gogotsu eta ilusioz» daudela esan du Aitor Txopitea boleibol entrenatzaileak.
Hiru mailatako jokalariek osatzen dute Marierrota. Txikien taldea da gazteena, DBH1eko eta DBH2koek osatzen dutena. Horretan, 28 jokalari daude, A eta B taldeetan banatuta. Taldeetako bat hasiberria izanik, taldekide horien denboraldiko helburua «boleibolaren teknikak ikastea» dela azaldu du Txopiteak. «Oinarrizkoa ikastea eta jokatzen ederto pasatzea da aurtengo helburua». Aldiz, beste taldea iaz ere ibilitakoa da. Horregatik, helburua «Euskadiko finalean sartzea» dela esan dute.
Kadeteen mailakoak dira hurrengoak, DBH3koak eta DBH4koak. Hamabi jokalarik osatzen dute taldea, eta horietatik asko dira txikien mailan ere jokatutakoak. Horregatik, «kadete mailan jokatzera ohitzea» da helburua. «Boleibolean trebatzea ere bai, gehiago ikastea», dio Txopiteak.
Andorrako txapelketaren ostean ateratako argazkia
Azkenik, gazteen mailako taldea dago, DBH4tik gorakoena. Maila hori kadete batzuek eta gazte batzuek osatzen dute, guztira, hamalau jokalarik. «Maila horretan, aurten ez dugu jokatuko Euskal Liga, eskolartekoa baizik», azaldu du Txopiteak. Beraz, helburua «gazteen finalera heltzea» izango da.
Bestetik, gazteen mailan dauden kadete eta kadete mailan daudenekin ere badaukate aurtengorako beste erronka bat: Euskadiko finalera heltzea. «Hiru mailetan, helburua finalera heltzea da», esan du Txopiteak. «Irabaztea gaitza izango da, baina heltzea bada helburua», dio entrenatzaileak. Mutilen taldea Marierrota taldean lau mutil ari dira boleibolean jokatzen. Talderik ateratzeko beste izan ez, eta Getxoko Aixerrota taldeko beste lau mutilegaz batu dira. Zortziek, Errota taldea osatzen dute.
Iaz neskekin jokatzen zuten, baina txapelketa ofizialetara ezin izaten ziren joan. Horregatik, iazko denboraldian hasi ziren Getxokoekin hartu-emanetan, eta Errota sortzeko prozesuan sartu ziren. Lekeitioko mutilek astean birritan herrian entrenatzen dute, eta barikuetan Getxora joan ohi dira, hangoekin entrenatzera. Partidak txandaka jokatuko dituzte, han eta hemen.
Sei taldetik, laura
Aurten iaz baino talde bi gutxiago edukiko ditu Marierrota taldeak. Hala ere, jokalari kopuruari dagokionez, aldea ez da hainbestekoa. «Gu beti ibiliko gara bost talde ingurugaz», esan du Txopiteak. Kadeteetan gutxi daudelako izango dira lau. «Estu ibiltzea ere ez da izaten ona, ordezkorik barik; horregatik, aurten talde bakoitzean gehiago egongo dira», esan du. «Alde batetik hobea da, entrenatzaileak trankilago egoten direlako eta jokalariei jaramon gehiago egiteko aukera dagoelako». Beraz, gutxiago izanda ere, «pozik» daudela azaldu du entrenatzaileak.
Marierrota taldeak bazkide sistema erabiltzen du diru iturri moduan. Denetara, 120 bazkide inguru ditu. «Jokalari bat taldera sartzen denean, bazkide bi lortu behar izaten ditu», azaldu du Txopiteak. Bazkide bakoitzak urtean 12 euro jartzen ditu. Horrela, urtero dauden jokalariekin eta taldeagaz egoten jarraitzen duten bazkideekin, 100 bazkide inguru ziurtatuta dauzka taldeak. «Taldea babesteko eta laguntzeko beste era bat da», dio Txopiteak.
Aurtengo erronka
Marierrota taldearen aurtengo denboraldiko erronketako bat «guraso lantaldea barriztea» dela esan dute taldekideek. Bestetik, «konpromiso dekalogoa» daukate, jokalari bakoitza betetzera konprometitu behar dena. «Horri berriro kolpe egin eta betetzea da asmoa».
Iaz Euskal Herritik kanpora ere ibili zen Marierrota: Asturiasen (Espainia) eta Andorran. Asturiasera kadete mailakoak joan ziren, Espainiako txapelketa jokatzera. Andorrara talde osoa joan zen, partidak jokatu eta elkarregaz denboraldiari amaiera «ederra» ematera. Nagusien taldea txapeldun geratu zen Andorran, eta besteak ere fin-fin ibili ziren.
Aurten ere nazioarteko txapeketa batean parte hartzea gustatuko litzaiekeela esan dute.