Arrandegi eta harategietan ohikoak diren paper eta plastikozko poltsak murriztu eta herritarren artean kontsumo arduratsuaren aldeko jokaera zabaldu nahi dira.
Kutxa Ekogunearekin elkarlanean eramango da aurrera kanpaina,
herriko harategi eta arrandegi guztien parte hartzearekin: Gaizka harategia, Arrizabalaga harategia, Arrieta autozerbitzua, Onkaia, Damian arrandegia eta Gotzon arrandegia.
«Eskertzekoa da agertu duten jarrera eta borondate ona», adierazi dute Kutxa Ekoguneko eta udaleko ordezkariek.
Ekimenaren baitan, etxebizitza bakoitzeko
ontzi bana banatuko dute, doan: azaroaren 2an egingo da banaketa, Beheko Plazan, 10:00etatik 13:00etara, Lapiko Beltza merkatu txiki bereziaren baitan. Azaroaren 7an ere egongo da ontzia eskuratzeko aukera, Goiko Plazan, 17:00etatik aurrera.
Banatuko diren ontziak hozkailuan eta labean erabiltzeko pentsatuta daude. Gainera, birziklagarriak dira eta tindagai ekologikoak erabilita eginak daude. «Herritarrei ontzi berdeak banatuko zaizkie. Kanpainako parte diren saltokietan, berriz, urdinak edukiko dituzte, etxean ontzia ahaztuta datorren bezeroarentzat», azaldu du Peñak. «Ontzi urdinak bueltan eraman behar dira saltokira», azpimarratu du.
Ontzia erabiltzeak, gainera, ingurumenaren alde egiteaz gain, opariak lortzeko aukera emango du. Izan ere, datozen sei hilabeteetan, herriko arraindegietan eta harategietan ontzi berrerabilgarria erabiltzen dutenek hileroko zozketa berezietarako txartelak lortuko dituzte. «Hilean behin, denda bakoitzak 30 euroko balioa duten produktuen zozketa egingo du. Txarteletan ze dendetakoak diren idatzita egongo da.
Ekimen horrekin hiru lorpen egiten direla ziurtatu dute kanpainaren bultzatzaileek: alde batetik, erosketak egitea «erosoagoa» izango da. Hori ez eze, saltokientzako ere kostua murriztu egingo da. «Eta lehengai gutxiago gastatuko denez, ingurumenarentzat, eta, beraz, guztiontzat, positiboa da», azpimarratu du Kutxa Ekoguneko Amaia Otazok.
Kutxa Ekoguneak 2011ko maiatzean ipini zuen Ontziratu zaitez! kanpaina lehen aldiz martxan. Harrez gero, Gipuzkoako 27 herrietara zabaldu da.