Barroetako futbol zelairako zubiaren inguruko gorabeherek eztabaida eta jakinmina eragin dute herritarren artean. Proiektuaren atzerapenaren arrazoiak eta obra bera azaldu ditu Gorka Fundazuri Markina-Xemeingo Udaleko Hirigintza zinegotziak.
Noiz hartu duzue proiektua aurrera eramateko erabakia?
Urriaren 10eko osoko bilkuran Barroetako futbol zelairako zubia egiteko hartu behar ziren erabakiak hartu genituen: kreditu aldaketa egin eta hirigintza batzordean adostutako baldintza-agiria onartu genuen.
Zeintzuk izan dira zubia egiteko izan dituzuen eragozpenak?
Arazo bi zeuden. Alde batetik, Uraren Euskal Agentziaren (URA) baimena falta zen, eta, bestetik, zubia egiteko behar genuen dirua gastatzen uzten ez zuen Espainiako estatuaren legezko debekua zegoen. Lehenengo eragozpena apirilean konpondu zen, URAk udaletxera baimena helarazi zuenean. Eta bigarrena maiatzean, Bizkaiko Foru Aldundiak Espainiako estatuaren debekua malgutzen zuen araudi bat onartu zuenean.
Zergatik ez zenuten URAren baimenik lortzen?
URAk baimena eman behar zuen zubia egiteko, baina ez hori bakarrik; zubia eutsiko duen lursaila uholde arriskua duen eremua den ala ez ere argitu behar zuen. Bigarren ebazpen hori, eremu hori uholde arrisku handikoa dela esaten duena, zubia egiteko baimena jaso eta hilabete beranduago heldu zen udaletxera. Eta horrek ez dauka ezelako logikarik.
Zergatik diozue ez daukala logikarik?
Lursail horrek orain dela urteak jaso zuen bertan etxeak eraikitzeko URAren baimena. Horregatik pentsatu genuen zubia leku horretan egitea. Etxeak eraiki ahal izateko, lurraren jabeek lurzoruaren zati bat udalari eman behar zioten, eta emandako zati hori publikoa izatera pasatuko zen, herriarena. Hartara, lur eremu hori udalak erabili ahalko luke, esate baterako, zubiaren alde bat eusteko. Kontua da inguru hori uholde arriskuko eremua dela dioela orain URAk, eta, beraz, ezin daitekeela bertan etxerik eraiki.
Fundazuriren esanetan, urriaren 10eko osoko bilkuran hartu zuten proiektuagaz aurrera egiteko erabakia
Zeintzuk ondorio ditu erabaki horrek?
Horren ondorioz, zubia eusteko beharrezkoa den lurzoru zatirik ez da udalaren esku geldituko. Horrek esan nahi du lurraren jabeek baimena eman behar dutela zubia han egiteko. Hau da, bertan etxerik eraiki ezin denez, ez daukate zertan udalari lurzoru zatirik utzi beharrik. Hori dela eta, berba egin behar izan da eurekin, eta euren lur zatia okupatzen uzteko eskatu behar izan diegu. Hainbat bider egin dugu berba jabeekin, eta prest daude hango aprobetxamendua beste leku batera eroateko, betiere, hori egin ahal izanez gero. Beraz, zubia euren lurretan egiteko jabeen baimena badaukagu.
Beste kontu bat diruarena izan da, ezta?
Udalak bazuen obrak egiteko beste diru, baina Madrildik gastu hori egiteko aukera guztiak moztu zizkiguten. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak Madrilen debekua malgutzen duen araudi bat onartu zuen joan den maiatzean. Araudi horren arabera, foru aldundiei dagokie euskal udalen finantza-zaindaritza, eta ez Madrilgo Ogasun Ministerioari. Bizkaiko Foru Aldundiak ez ditu Madrilek derrigorrez bete beharrekotzat emandako printzipioak eztabaidatzen, printzipio horiek interpretatu egiten ditu. Batez ere, superabitaren kontzeptua.
Zeintzuk ziren bete beharreko printzipioak?
Egonkortasuna da bat, hau da, urteko gastu eta sarrerak koadratu egin behar izatea. Gastu-erregela da beste bat, udal bakoitzak gehien jota zenbat gasta dezakeen xedatzen duena. Jasangarritasuna da hirugarrena, udal aurrekontuko baliabide arrunten araberako zorpetze maila gainditu ezin daitekeela dioena. Azkenik, superabita dago; superatiba egonez gero, zorra amortizatzeko erabili behar da. Printzipio horien arabera, udalak ezin zezakeen gastatu zubia kostatuko litzatekeen beste diru, gastu-erregelak ipinitako gehiengoa baino gehiago zelako. Ez zen egonkorra ere, urte horretan sartzen zena baino gehiago gastatu behar zelako. Eta garrantzitsuena dena: superabita –aurreko urteetatik dagoen irabazia– zorra amortizatzeko erabili behar bazen, ez zen zubia egiteko dirurik gelditzen.
Eta orain zer dela-eta inbertitu daiteke zubian?
Esan dugunagatik: aldundiak interpretatu duelako superabitaren %20 baino ez dela erabili behar zorra amortizatzeko, eta ez daukagun diru dena. Hori egin dugu. Maileguaren zati bat kendu dugu, 120.000 euro inguru, hain zuzen. Beste alde batetik, aldundiaren araudi berri horren arabera, ez da derrigorra gastu-erregela eta egonkotasunaren baldintzak betetzea; betiere, hurrengo urteetan egin nahi dena jasangarria baldin bada.
Horrek zer esan nahi du?
Diru horregaz ezin daitekeela herriari hurrengo urteetan gastu gehiago eragingo liokeen ezer egin. Behin amaitutakoan, Barroetako zubiaren obrak ez du kostu iraunkorrik eragingo udal aurrekontuan, eta, beraz, aldundiaren arauak beren-beregi ahalbidetzen du aurrera eroatea. Horrela, urriko osoko bilkuran urteko aurrekontua aldatu dugu. Bizkaiko Foru Aldundiak eman zuen 550.000 euroko diru laguntza eta superabitetik gelditzen ziren 700.000 euroak batu ditugu, eta zubia egiteko behar den beste diru izateko 2014ko aurrekontutik falta diren beste 118.000 euro hartu ditugu.
Noiz hasiko dira lanak?
Lanak lizitaziora atera ditugu, eta hilabeteko epea zabaldu dugu zubia eraiki nahi duten enpresek euren eskaintzak aurkeztu ahal izateko. Prozesua abendurako amaituta egon daiteke, eta gure asmoa obrak urtarrilean edo otsailean hastea da.
Noizko egongo litzateke zubia amaituta?
Proiektuan jasota dagoen moduan, obra egiteko epea hamabost hilabete ingurukoa da, baina uste dugu arinago amaituta egon daitekeela. Zubia 2015eko otsailerako eginda egotea da helburua.