Ondarroako Literatur Amuek "oso erantzun ona" jaso dute saioz saio
Kalitatean eta kopuruan jauzi garrantzitsua emanda amaitu dira II. Literatur Amuak jardunadiak. Euskal literatur sormenaren plaza izan da Ondarroa astebetez, eta aste amaiera ekitaldiz bete-bete etorri da. «Euskaraz sortutako kalitatezko produktuak kontsumitu ahal izatea eskertu dute guztiek», nabarmendu du Leire Beitia Ondarroako udaleko euskara arduradunak. «Asteburu bizia eta guztiz emankorra izan da benetan», gehitu du. Ikuskizunez ikuskizun, herritarren erantzuna oso ona izan da. Itzalak antzerkiak bildu ditu ikusle gutxien, 40 bat; gainerakoetan bete edo ia bete egin dira aretoak. Ines Bengoa ipuin kontalariak gaztetxoen irribarreak piztu zituen Txomin Agirre udal libuuretegian. Ondo baino hobeto pasatu zuten istorioz istorio. Gabrielen Lekua antzezlana120 bat ikuslek bat egin zuen Bide Oneran barikuan, saio ederrean. Keu Agirretxearen Behe Presioaren erdigunean diskoaren aurkezpenak ikusmin handia sortu zuen, eta Kofradia Zaharra txiki geratu zen. Zapatu gaua hasteko modu ezinhobea izan zuten bertara joan zirenek. Kafkaren aulkia irakurraldi bertsotua ekarri zuen domeka eguerdiak. Bikote harremana gai hartuta, Eider Rodriguez idazlea istorio bat kontatzen joan zen irakurketaren bidez. Aitatutako bikotea Uxue Alberdik eta Andoni Egañak osatzen zuten: bertsoz joan ziren kontatzen gertaerak. «Oso polita, ezberdina» iritzi zitzaien ikusle askori saioa, «bikote harreman bati buruz asko kontatzen duena». Eta Itsasoa Berbetan literatur gala ere goi-goitik egin zen. Besteak beste, Augustin Zubikarai nobela bekaren aurtengo eta iazko irabazleak egon ziren bertan, saio oso interesgarrian. Sari banaketek leporaino bete zuten Kofradia Zaharra. Joxe Mari Urteagaren hitzei kolpe eginda, hurrengoa nabarmendu du Beitiak: «Amua bota diogu euskal literaturari. Aurrera begira ea lortzen dugun jende gehiago harrapatzea».
Argazki galeria [nggallery ID=96]