Berriatuak kultur elkarte barria dauka: Goikolau
“Helburu asko” dituen elkarte barri moduan aurkeztu dute berriatuarrek Goikolau kultur elkartea. Funtsean, herriko ondarea eta kultura jaso, zaindu, berreskuratu, bultzatu eta zabaltzea dira elkartearen helburu nagusiak. “Dena dela, egiteko zabala daukagu”, adierazi du Joseba Goienola elkarte sortu barriko kideak.
Elkarteari herriko leku berezi baten izena jarri diote: Goikolau, Berriatuko kobazuloetako bat. Herriko leku ezagunenetakoa ez bada ere, Berriatuko historian aparteko garrantzia dauka. “Hainbat herritarrek hartu dute parte elkartearen sorreran” eta aurrera begira ere, ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da elkartea sortu dutenen helburua.
Horrela ba, barikuan, azaroak 8, 19:30ean, Goikolauk lehenengo erakusketa zabalduko du, Aransolo kalean duen lokalean: Lea-Artibai eta Busturialdeko espeleologia azken urteotan. “Erakusketa hamabost egunean egongo da ikusgai eta Lur Azpiko Ondareari buruz antolatu ditugun lehenengo jardunaldien barruan dago kokatuta”. Jardunaldi horien bitartez, “gure lur azpiko ondarearen berri eman nahi diogu jendeari, espeleologi zein arkeologiaren ikuspegitik. Erakusketa eta hitzaldiz hornituko ditugu jardunaldiak, eta ondoko gaiak jorratuko ditugu, ikuspegi espeleologikotik: lurpeko paisaia, lurpeko topografia, lurpeko fauna, ubidea, aurkikuntza arkeologikoak, eta abar”.
Elkarte sortu barriak Lur Azpiko Ondareari buruz antolatu ditu lehenengo jardunaldiak eta horrekin, herritarrei bertoko lur azpiko ondarearen berri eman nahi diete, espeleologi zein arkeologiaren ikuspegitik.
Labarretako artea ere jorratuko dute: erakusketa didaktikoa, hurbilekoa, zabala,.. “Homo sapiens, lehen arte lanak kobazuloetan, arte mota horren kronologia, grabatu teknikak, pintura teknikak, adierazteko bide horren esanahia…”.
Lehenengo ekintzak abiarazita, aurrera begira, Goikolau kultur elkarteak ideia eta proiektu anitzak ditu eskuartean.
Azaroko egitaraua deskargatu