'Atako bandan 5.1' ikuskizunak 100 bat ondarrutar batuko ditu Bide Onerako agertokian
http://www.youtube.com/watch?v=EMPlwYBGjhs#t=16 40 urtean ahaztuta eta ia galduta egon ondoren, Atako Bandan obra berreskuratuko da zapatuan, Bide Onera zine aretoan. 1970. hamarkadako gizartearen erradiografia eskainiko da bertan: langileen eskubideak, Euskal Herri sozialista berria, Francoren diktaduraren gainbehera... Oraingoan, herritarrek herritik eta herriarentzat prestatutako kultur egitasmoa teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuta dator taula gainera.
40 urtean ahaztuta eta ia galduta egon ondoren, Atako Bandan obra berreskuratuko da zapatuan, Bide Onera zine aretoan. 1970. hamarkadako gizartearen erradiografia eskainiko da bertan: langileen eskubideak, Euskal Herri sozialista berria, Francoren diktaduraren gainbehera… Oraingoan, herritarrek herritik eta herriarentzat prestatutako kultur egitasmoa teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuta dator taula gainera.
Bi emanaldi egingo dira zapatuan, lehenengoa 19:30ean eta bigarrena 22:30ean. Sarrera ahalik eta arinen erostea komeni da. Zurrumurrun, Iratin eta Irkaitzen daude saltzen, eta arratsaldeko saioaren sarrerak Iratin daude bakarrik eskura; beste bi saltokietan salduta daude. Gaueko saiokoak ere martxa onean doaz saltzen.
Kitolis-en ondorengoak Orain dela mende bat Txomin Agirrek bere Kresala eleberrian Kitolis pertsonaia sortu zuenean, ez zekien ondo zein inspirazio iturri bihurtuko zen ondorengo belaunaldietako artistentzat. Urteak beranduako Augustin Zubikaraik, Kresala eleberria antzerkira moldatu zuen, eta Kresaletan deituriko antzezlan erraldoia 1960an aurkeztu zen herriko zenbait elkarte eta norbanakoren eskutik. Antzezlan horretan protagonismo berezia hartu zuen Kitolis arrantzale zaharraren pasarteak, eta bere seme Ikomestxuren heriotzaren errelato hunkigarriak. Kresaletan antzeslanaren estreinaldia arrakastatsua izan zen.
1973. urtean, Ondarroako arrantza ontzietan arrantzan ari zirela, hamabost egunen buruan, bi arrantzale ito ziren. Batean -Kitolisen pasartean bezalaxe- aita batek bere semea nola itotzen zen ikusi zuen; handik gutxira, aitak semea barik, semeak ikusi zuen aita itotzen, Kitolisen pasartean alderantziz. Eta zorigaiztook ez ziren itsasertzean gertatu, itsaso zabalean, atako bandan baizik. Itsasontziak hobeak ziren, burdinezkoak, alturakoak…. Eta azken hauek ez ziren jada familien jabetza eta ogibide, modu industrialean jarduten zuten enpresa anonimoentzat etekin iturriak baizik. Hala ere, itsasoak bere ordaina eskatzen jarraitzen zuen.
Heriotza hauek proiektu berriaren hazia izan ziren. Arrantza munduaren gordintasuna, langileen baldintza zurrunak, itsaso errukigabea… Horra hor antzezlan berri eta berritzaile baten elementuak, dantza, antzerki eta olerkia uztartuko zituena, itotze kolektiboaren testuinguru tragikoan.
Poema musikatu hunkigarria aurrera ateratzeko herrian ernai berria zen kultur mugimenduak kolaboratzaile bikainak bilatu eta aurkitu zituen: Xabier Letek egin zuen olerkia, itsasoko langileei buruz daukan bakarra; Gotzon Aulestia ondarroarrak egin zuen musika; eta Jon Oñatibiak dantzaren koreografia. Gaur egun, proiektu erraldoi haren aztarna, arrantzale egunean Kresalako dantzariek, herritarrekin batera, dantzatzen duten Atako Banda dantza da.