Eusko
Jaurlaritzak Mutrikuko dikea “guztiz” amaituko zuela esan zion Mutrikuko Udalari martxoan. Eta albisteĀ horren aurrean, udala “pozik” agertu zen.
Orain, hilabete batzuk beranduago, albistea bestelakoa da: “Eusko Jaurlaritzak
ez du aurrekontuetan Mutrikuko dikea amaitzeko diru partidarik utzi. Eta ondorioz,
2014an, ez du dikea amaituko. Jaurlaritzaren jarreraren aurrean, udalak haserrea erakutsi du.
“Euren hitzari huts egingo diote”.
“Jaurlaritzak, bai prentsan, baita Mutrikun bertan egindako agerraldian ere, ziurtatu zuen Mutrikuko dikea amaitzeko dirua jarriko zuela 2014an. Ez da horrela izango”, esan du
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak. Horrenbestez,
udal gobernua, “haserre, atsekabetuta eta kezkarekin” dagoela esan dute.
Mutrikuko Udalaren ustez, “herrirako hain garrantzitsua den azpiegitura amaitu gabe edo gaizki amaituta” geratuko da. “Aurreko legealdian atzerapen handia eduki zuen proiektuak. Gaur egungo Jaurlaritza atzerapen hori zuzentzera zetorrela zirudien, baina ez da horrela izango.
Atzera eta atzera, ez dakigu, azkenean, zertan geldituko den”, gaineratu du Palenzuelak.
Mutrikuko alkate Joseba Palenzuelaren hitzetan, herrirako hain garrantzitsua den azpiegitura amaitu gabe edo gaizki amaituta geratuko da; eta azkenean proiektua zertan geldituko den ez dakitela dio
Baina dikearen gaia ez da udala haserretzen eta kezkatzen duen gai bakarra. Izan ere, udalaren esanetan,
Jaurlaritzak, portuko beste zenbait obraren inguruan emandako hitza ere ez du beteko. “Horrek hainbat herritarren haserrea sortarazi du. Izan ere, haien egunerokoan eragozpen ugari sortu dituzte”.
Portuan Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika saileko Garraio Azpiegituren zuzendaritzaren ardurapena bi obra hasiak daude: porturako lehorreko sarbidearen konponketa (Burumendi-Samikolla errepidea), eta pantalanentzako argindarraren kanalizazioa. “biak ere, egin beharreko obrak dira. Gure porturako biak dira garrantzitsuak. Baina bi obrak batera hasteak eragozpen ugari ekarri dizkie hainbat herritarri”, aurreratu du alkateak. “
Bi obrak batera hasteak portuan bizi diren hainbat herritar obren artean harrapatuta laga ditu, horrek dakartzan ondorioekin”.
Portuko beste bi obrak batera hasteak arazoak eragin dituela gaineratu du Palenzuelak. Dena dela, Mutrikuko Udaleko ordezkariek bi obrak batera hasteak ekarriko zituen ondorioak zeintzuk izango ziren argi esan zioten Jaurlaritzari. Horren aurrean, Jaurlaritzak, udalaren eta herritarren eskaerei bizkarra eman diela argitu du alkateak
Lanak egiten hasi aurretik, udalak Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendaritzari ohartarazi zionzer gerta zitekeen eta bide horretatik, neurriak hartzeko eskatu zion. “Bi obrak batera ez zituztela hasiko esan ziguten, gure eskaria kontuan hartuz. Baina beste behin ere, ez dute esandakoa bete;
udalaren eta herritarren eskaerei bizkarra eman diete“.
Anaiarte elkarteko ordezkaria orduko Josebe Astigarra alkatearen aurrean dikea amaitzeko eskaera sinatzen, pleno aretoan
Orain artekoa, puntuz puntu (kronologikoki):
- 2005. Babes dikea egiteko lanak hasi ziren.
- 2009. Dikea amaitzeko diru barik geratu zen Jaurlaritza. Lanak eten egin ziren.
- 2009 iraila. Herritarrek dikea amaitzeko eskaera sinatu zuten udaletxean.
- 2009 irailetik 2013ra arte. Bai Mutrikuko Udalak eta baita herritarrek ere, dikea amaitzeko konpromisoa hartzeko eskatu zioten, modu askotara, Eusko Jaurlaritzari.
- 2010 azaroa. Mutrikuko Berdeak-Independienteak taldeak eta Mutriku Natur Taldeak Eusko Jaurlaritzaren esku utzitako 246.932 metro koadroak berriro ere Itsas Ertzeko Eremu Publikora bueltatu eta bere gain hartzea eskatu zioten Kostetako Zuzendaritzari.
- 2012. Jaurlaritzak dikea amaitzeko asmoa erakutsi zuen.
- 2012ko ekaina. Mutrikuko portuan oreka bilatu beharra aldarrikatu zuten Berdeak-Independienteek eta Mutriku Natur Taldeak.
- 2013ko otsailaren 4a. Kontratu baldintzak zehazten zituzten agiriek egungo erregimen kontratua betetzen ez zutela argudiatuta, dikea bukatzeko obren lehiaketa bertan behera utzi zuen euskal gobernuak.
- 2013ko martxoa. 2014an Mutrikuko Portuko Plan Bereziaren berrikusketari ekingo ziola adierazi zion Jaurlaritzak udalari. Bide beretik, Jaurlaritzak hitza eman zuen, dikea 2014an amaituko zutela esanez. Eta udalak, herritarrekin egingo zuen hausnarketa prozesuaren berri eman zien Garraio Sailburuordetzako hainbat kideri.
- 2013ko apirila. Ingurumen azterketarik egin ez zela argudiatuta, Mutriku Natur Taldeak portuko lanak geratzeko eskatu zion Jaurlaritzari.
- 2013ko maiatza. Udalak, herriko hainbat eragilerekin adostutako hausnarketa prozesuan jasotakoa eskuartean hartuta, sailburuari zuzenean azalpenak emateko bilera eskatu zuen.
- 2013ko ekaina. Mutrikuko Udalak elkarlanerako konpromisoa agertu zuen. Elkarlan hori eguneroko jarduneko kontu txikietan eta aurreikuspen prozesuetan egongo zela azpimarratu zuen.
- 2014ko azaroa. Jaurlaritzak datorren urteko aurrekontuetan dikea amaitzeko diru partidarik ez duela jarri azaldu dio Mutrikuko Udalari. Ondorioz, dikea amaitzeko lanak ez direla 2014an egingo esan dio.
Argazki galeria [nggallery ID=100]